Hondakin bilketarako sistemen balorazioak

Gaikako bilketa %86an kokatu da Ibarran bi hilabetean

Iñigo Terradillos 2014ko eka. 11a, 17:02

Bi hilabete igaro dira Ibarran atez ateko hondakin bilketa sistema martxan jarri zutenetik, eta udalak herritarrak zoriondu ditu, epe honetan %86an kokatzea lortu baita gaikako bilketa. Herritarrak «oso ondo» egiten ari direla azpimarratu dute, baina, «hobetzeko» puntuak daudenez, lanean jarraituko dutela adierazi du Ibarrako Udalak.

Aurreko sistematik eman den «iraultzaz» ohartarazteko lehengo eta egungo emaitzak konparatu dituzte: «Atez atekoa jarri aurreko apirileko lau egunetan 11.000 kilo eman ziren zabortegira, eta atez atekoa jarri osteko 26 eguneko epean 7.000 kilo eman ziren, beraz, aldea izugarria da», adierazi du Jexux Peñagarikano Ibarrako alkateak. Organikoaren kasua azpimarratu dute, batez ere, gaika biltzeko aukerarekin batera, konpostaje eta auzokonpostaje kanpainak emaitza «onak» eman baititu: «156 familia ari dira auzokonposta egiten, eta horrekin, urtean, 47.000 kilo organiko irteten dira hondakinen zirkuitutik; horri 16.700 kilo gehitu behar dizkiogu, beste 55 familia ari baitira autokonposta egiten». Organikoaren moduan, gainerako gaiek ere gora egin dute sistema berriari esker: «Plastikoa hobeto bildu da, eta paperak ere gora egin du».
Emaitza oso ona dela azaldu du Ibarrako Udalak, baina, era berean, badagoela zer hobetu onartu du: «Oraindik badira sistema berrian sartu ez diren herritar batzuk, eta udalak sistema berriari ekiteko gonbita egin eta ahalegina egin dezatela eskatzen die», esan du Peñagarikanok. Halaber, euren jarrera ezin dela onartu esan du, «gutxi batzuk ezin dutelako herritarren gehiengoa egiten ari den lan ona zapuztu».
Ostiralean eta larunbatean, goizez
Hobetzeko bidean, herritarrei gogorarazi diete ontzietan atera behar direla gaika hondakinak, eta organikoaren eta paperaren kasuan ezin dela plastikoetan sartuta eraman. Bestalde, herriko hainbat zonaldetan edukiontzi gehiago jarriko dituzte, Emeterio Arresen, Euskal Herria kalean eta plazan, esaterako. Tolosako San Blas auzoan dagoen Garbiguneak betetzen duen funtzioa ere nabarmendu dute, hondakin arriskutsuak edota aparatu elektrikoak bertara eraman behar direla gogoratuz. Altzarien kasuan, berriz, asteazkenetan atera behar direla, eta aurrez telefonoz (943 67 62 16) hots egin behar dela ekarri dute gogora. Zakur kakekin, kanpaina berria jarriko du abian udalak, eta, besteak beste, zakarrontzi bereziak jarriko dituzte. Bestalde, asteburuan Ibarrako Gazte Festak izango dira, eta gauez bilketa kamioiak pasako ez direnez, bihar eta etzi hondakin ontziak goizez (09:00-11:00) ateratzeko deia egin die udalak herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!