Sei hilabete igaro dira Adunan hondakin kudeaketa sistema integral berria martxan jarri zutenetik. 2012. urteko maiatzean, hondakinen azterketa egin zuten, eta orain sistema ezarri eta sei hilabetetara berriro egin dute. Gaur goizean aurkeztu ditu emaitzak Josu Amilibia alkateak.
2012. urteko maiatzean bildutako hondakinen %74,5a errefusa zen, eta %25,5a gaika biltzen zen. Pasa den maiatzean, sistema berriarekin errefusa %17, 7koa izatera pasa da. Gainerakoan, organikoa %21,7a eta gaikako bilketa %60,6a. Hau da, konpostaje eta birziklapen tasa %82,3koa izatea lortu dute, Amilibiaren arabera.
Gainera, herritarrek sortzen duten organikoaren %100 herrian bertan kudeatzen dute, konpostajearen bidez. Ondorioz, «45.000 kilo bilketa zirkuitutik atera eta bere tratamentu eta garraio kosteak aurrezten dira». Herrian kudeatzen ez duten organikoa jatetxe eta sagardotegietakoa da; hau Amasa-Villabonako atez ateko sistemarekin jasotzen baitute. Honetan ikusten dute, hain zuzen ere, sistema «hobetzeko» aukera. Errefusaren kopurua jaistean, jasotzeko garraioa astean hiru aldiz 14 puntutan pasatzetik, hamabostean behin puntu batean pasatzera igaro dira. Honela, zabortegietara 110.000 kilo gutxiago bideratzen dituzte. Guzti honek, kalkulu zehatzak oraindik egiteke dauden arren, «15.000 euro inguru» aurreztea eragin du.
Egun txabolen bidez gaika sailkatzeko aukera eremu zabalagoetara eraman dute, «lehen herrigunean bakarrik zegoen aukera». Errefusa, berriz, astean behin jasotzen dute atez ate.
Adunako Udalak Foru Aldundiak jarritako helburuak «betetzat» jo ditu, «6 urteko aurrerapenarekin». Udalak argi du «herritarren parte hartze handiarekin» lortu direla emaitza horiek, eta horregatik euren lana «eskertu» nahi izan du, eta herritarrak eta hostalaritza «zoriondu» ditu. Guzti honek «esfortzu txiki batekin emaitza itzelak lortu daitezkeela» erakutsi du.