Omenaldi hunkigarria egin diote Nestor Basterretxeari Tolosako I. Eskulturasteko itxiera ekitaldian, "herriko ondare artistikoaren garapenean eskaini duen laguntzarengatik". Omenaldia Tolosako Ekinbide Etxeak antolatu duen I. Eskulturastearen itxiera ekitaldian egin diote. «Artista handia izateaz gain, apaltasun eta ontasun handiko pertsona» dela bermeotarra nabarmendu dute Tolosako Ekinbide Etxetik. 1967. urtean egin zuen Basterretxeak TEErentzat lehendabiziko lana. Ordutik Tolosan egin dituen lanen artean daude, Idiakez jauregiaren zaharberritzea, Europako Abesbatzen Sari Nagusirako eginiko eskultura eta Euskal eskultoreen erakusketa iraunkorrerako egindako Goldea lana. Bada, TEEk eskerrak eman dizkio Basterretxeari «Tolosari eginiko ekarpenagatik eta herriak modu horretan harrapatzen uzteagatik».
Oroigarri moduan, Tolosako Ekinbide Etxearen lehen lehendakari izandako Antxon Elosegik Basterretxea beraren erreproduzioa den txotxongiloa oparitu dio bere aspaldiko laguna den artistari. Hunkiduraz eta eskerrak emanez hartu ditu Nestor Basterretxeak bere omenezko hitzak eta oroigarriak. «Tolosa goi mailako hiria da kulturari dagokionez, distira dario», esan du. «Niretzat ohorea da ahal dudan guztietan parte hartzea, eta deitzen didazuen guztietan etorriko naiz». I. Eskulturasteari dagokionez, «erabat» asmatu dutela ekimenarekin adierazi du: «Tolosa lehena izan da horrelako zerbait antolatzen, eta ziur nago herri gehiago etorriko direla atzetik».
Esperientzia «aberasgarria»
I. Eskulturastearen itxiera ekitaldian, bestalde, antolatzaileek esker hitzak izan dituzte ekimena babestu duten guztientzat: «Kulturarentzat garai zailak dira, baina artea eta bereziki eskultura herritarrei hurbiltzeko proiektu honekin ausartu gara Tolosako Ekinbide Etxean, eta oso gustura gaude izan duen harrerarengatik; aurrerantzean bi urtetik behin errepikatuko dela espero dugu», adierazi du Ana Arretxek TEEko lehendakariak.
Espainiako Kanpo Ekintza Kulturaleko zuzendari izandako Txaro Otegi epaimahaikide izan da Eskulturastean, eta gisa honetako ekimenak sortzea «poztekoa eta benetan saritzekoa» dela esan du, TEEren lana goraipatuz.
Taula gainetik saria eskuratu duten guztiak pasa dira, hau da, accesita jaso duten Jon Otamendi (RC Idiakez lanarengatik) eta Miren Arenzana (Love lanarengatik); hirugarren saria jaso duen Elena Aitzkoa (Harrikumeak lanarengatik); bigarren saria jaso duen Daniel Mera (Ura lanarengatik); eta irabazlea, Manu Uranga (Estolda arteko lerroak lanarengatik). Artista guztiek esker hitzak izan dituzte, eta esperientzia «oso ona eta aberasgarria» izan dela adierazi du. Bestalde, aurrera begira ekimenak jarraipena izatea espero dutela nabarmendu dute denek.