2012an omenaldi hunkigarria egin zioten Nestor Basterretxeari Tolosako I. Eskulturasteko itxiera ekitaldian, "herriko ondare artistikoaren garapenean eskaini duen laguntzarengatik". Omenaldia Tolosako Ekinbide Etxeak antolatu zuen I. Eskulturastearen itxiera ekitaldian egin zioten. «Artista handia izateaz gain, apaltasun eta ontasun handiko pertsona» zela bermeotarra nabarmendu zuten Tolosako Ekinbide Etxetik. 1967. urtean egin zuen Basterretxeak TEErentzat lehendabiziko lana. Ordutik Tolosan egin dituen lanen artean daude, Idiakez jauregiaren zaharberritzea, Europako Abesbatzen Sari Nagusirako eginiko eskultura eta Euskal eskultoreen erakusketa iraunkorrerako egindako Goldea lana. TEEk eskerrak eman zizkion Basterretxeari «Tolosari eginiko ekarpenagatik eta herriak modu horretan harrapatzen uzteagatik». 2007an, bestalde, Nestor Basterretxea eskultoreak eta Iñaki Epelde margolariak erakusketa bat inauguratu zuten elkarrekin Aranburu jauregian, TEEren 40. urteurrenaren ekintzen barnean.
Nestor Basterretxea Bermeon (Bizkaia) jaio zen, 1924ko maiatzaren 6an. Arkitektoa izan nahi zuen gaztetatik, baina trabak topatu zituen bidean: 1936an, familiarekin erbesteratu zen Frantziara, eta, II. Mundu Gerra hasi zenean, Buenos Airesera joan ziren. Publizitaterako hainbat marrazki egin zituen, eta orduan ekin zion ibilbide artistikoari. 20 urte baino ez zituen, eta marrazkilari trebea zen. Arkitektura tekniko ikasketak hasiak bazituen ere, diseinatzaile gisa ari zen; Emilio Pettoruti margolari argentinarra zuen irakasle. 11 urte igaro zituen han. Bi gerrekin batera bizitzea suertatu zitzaion arren, sekula ez zuen "euskal sentimendua" galdu. Politikarekin ere hartu-eman estua zuen. EAJko familia baten semea zen, eta EAko militantea izan zen hainbat urtez.
Arantzazuko kripta
Ezkonduta itzuli zen sorterrira, 1952an, eta Arantzazuko Basilikako kriptako muralak egiteko eskatu zioten. Jorge Oteizak bultzatuta, hormairudia egiteko lehiaketara aurkeztu zen; baita irabazi ere. Hego Amerikako muralgintza berea zuen. Urtetako lanaren ostean, dena dela, Vaticanoren debekua jaso, eta bertan behera utzi behar izan zuen. Artistaren bizitzako zauri handietariko bat ireki zuen ezezkoak. Kolpe latza jaso zuen. Lanaren erdia egina zuen ordurako, baina 1984ra arte ezin izan zuen amaitu. Kriptarako egin zituen hasierako zirriborroak bildu zituzten iazko abuztuan Jorge Oteiza museoan, Altzuzan (Nafarroa).
Bi talde artistiko esanguratsuren bultzatzaile izan zen: 1957an, Grupo 57 abangoardiako taldea sortu zuen Jorge Oteiza eta Agustin Ibarrolarekin; 1966an, berriz, Gaur taldea jarri zuen martxan Oteizarekin berarekin eta Eduardo Txillidarekin. 1958an albo batera utzi zuen margolaritza, eta orduz geroztik eskulturan aritu da gehienetan. Basterretxearen obra entzutetsuenak dira Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko egurrezko zuhaitza, Donostiako bakearen usoa eta Renoko (Nevada, AEB) euskal artzainei eskainitako monumentua.
Ertz guztiak
Alabaina, argazkigintzan eta zinemagintzan ere jardun du. Handia da artistaren itzala esparru horietan. Ama lur lana (1968), esaterako, mugarri bat izan zen; ispilu bat ondorengoentzat. Fernando Larrukerte izan zuen bidelagun filmaren sorkuntzan, eta Gipuzkoako Ateneo Saria eskuratu zuten 2003an Donostiako Zinemaldian. Euskadiko Filmategiaren 35. urteurrenaren harira eman zuten filma iaz, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Aurretik ere eginak zituen zenbait film esanguratsu: Pelotari (1964), kasurako. Diziplina edozein izanda ere, aitzindaria zen Basterretxea. Gauza zaharrei aurpegi berria jartzeko ahaleginetan buru-belarri aritzen zen. Oro har, artearen ertz guztiak arakatu ditu bere ibilbide oparoan. Garai oso bat hartu du Basterretxearen itzalak. Horixe bera islatu zuten Bilboko Arte Eder museoan iazko otsailean. Basterretxearen inoizko atzera begirako erakusketarik zabal eta osatuena atondu zuten; 200 obra piktoriko, eskultoriko, diseinuzko eta arkitektoniko jarri zituzten ikusgai.
Eskulturatik kartelgintzara
Kartelgintzan eman du zeresana azkeneko urteetan. Jose Luis Zumetarekin batera, Basterretxea da, ziurrenik, artisten artean kartel gehien egin duenetako bat. Makina bat diseinatu ditu: EAJ alderdiarentzat egin zituen lehenbiziko afixak, Francoren heriotzaren ostean. Pilaka egiten zituen. Oinarrizkoak ziren, kolorez eta itxuraz. Abstraktuak, bai, baina erabat apurtzaileak. Basterretxeak irauli egin zuen ordura arteko joera; alde batera utzi zituen Euskal Herriko mapak, ikurrinak eta Sabino Aranaren irudia. Estetika eredu baten sortzaile dute askok eta askok. Forma simetriko eta okertuak sintetizatu, eta grafismo bilakatu zituen.
Kartelak ez ezik, logotipoak ere usu egin ditu artistak; Eusko Legebiltzarrarena, Bizkai Euskal Folklorearena eta Bai Euskarariren logotipo zaharra, adibidez. Nafarroa Oinez festarako eta Euskaldunon Egunkaria-ren alde ere lanak egin ditu. Elkartasuna eta euskalgintza zituen ardatz. Enkantean jartzen zituen obrak, eta jasotakoa proiektu anitz diruz laguntzeko erabiltzen zuen. 2012an, Durangoko Azokaren 47. aldirako egindako kartela izan da haren azkeneko lanik aipatuena. Oroimen historikoa ere aintzat hartu du beti: grabatu batzuk egin zituen 1512-2012 Nafarroa Bizirik egitasmoarentzat.
Azken unera arte, sortzen
Aitorpen franko jaso ditu Basterretxeak. Azkena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik. Irailean eman zion Urrezko Domina omenaldi hunkigarri batean. Euskal artearen izen handietariko bat da harena, Oteiza eta Txillidarekin batera, eta ia azken unera arte jarraitu du sortzen. Sortzen jarraitzeak "biziago" sentiarazten zuela esaten zuen.