Azken erailketa matxista salatu dute

Tolosaldeko Ataria

Bilbon gizon batek bikotekide ohia hil duela salatzeko elkarretaratzea egin du Mugimendu Feministak Triangulo plazan.

Bilbon emakume bat bikotekide ohiak hil duela salatzeko mobilizazioak egiten ari dira eskualdean. Atzo izan ziren lehen elkarretaratzeak, eta gaur eguerdian Tolosako Triangulo plazan egin dute elkarretaratzea Tolosako Asanblada Feministak eta Tolosaldeko gazte feministek. Euskal Herrian aurten hiltzen duten seigarren emakumea da, eta astelehenean ere egingo dituzte mobilizazioak.

Erailketa salatzearekin batera nabarmendu dute antolakundeek erasoa ez dela «gertakari isolatu» bat: «Indarkeria matxistak egindako gertakari lazgarri bat gehiago da. Eta, berriro ere, indarkeria matxistak emakumeon* bizitzetan eta ingurukoengan dituen ondorio lazgarriak erakusten dizkigu». Hari berari tiraka gaineratu dute erailketa Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna igaro berritan gertatu dela, eta egiturazko indarkeria horri aurre egiteko «benetako neurriak» eskatu dituzte.

«Indarkeria matxistak aurpegi eta ondorio ugari ditu. Sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak emakumeon* gorputzak, erabakiak eta bizitzak kontrolatzen jarraitzen du», horrela hitz egin dute elkarretaratzean, eta gehitu dute erailketa muturreko adierazpena izanda ere, badirela egunerokoan gertatzen diren bestelako erasoak ere: «Ezinbestekoa da indarkeria horren adierazpen guztiak ikuspegi feministatik aztertzea, emakumeon* bizipenak eta sufrimendua erdigunean jarriz. Ez dugu indarkeria matxista normalizatzea onartuko, ezta emakumeon* askatasuna zalantzan jartzen jarraitzea onartuko ere».

Erakunde publikoei indarkeria matxistaren aurrean «prebentzioa, arreta integrala eta babes eraginkorra» bermatzea eskatu diete, eta adierazi dute erailketarekin argi geratu dela babes neurriak «sarri ez direla nahikoa» izaten: «Eraildako emakumea* Ertzaintzaren babespean zegoen, eta argi dago babes  kate horrek huts egin duela. Baliabideak, jarraipena eta benetako konpromiso politikoa behar dira».

Gizonei, berriz, erantzukizuna hartzeko eta beste alde batera ez begiratzeko exijitu diete: «Apurtu itun patriarkalak. Isiltasuna eta konplizitatea apurtzea ere zuen ardura da». Erasoaren aurrean «protokoloa aktibatu» eta «erantzun kolektiboa antolatu» dituztela azaldu dute, eta autodefentsa feministaren hautua berretsi: «Ez gara biktimak, subjektu politikoak gara. Gure arteko aliantzak eraikitzea, elkar zaintzea eta erantzun kolektiboak antolatzea ere bada gure egitekoa.. Emakumeon* eta sexu-genero disidenteon bizitzak eta ongizatea erdigunean jarriko dituen gizartea eraiki nahi dugu, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aitortu eta horiei aurre egiteko gai izango dena».

Hari berari tiraka egin dute dei «memoria kolektiboa indartzeko» ariketa sustatzeko: «Gertatutakoa izan dadila urrats bat gehiago indarkeria matxistari aurre egiteko, gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak eta instituzioei ardura har dezaten exijitzen diegu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!