Lau haizetara zabaldu dituzte matxismoaren aurkako aldarriak

Mugimendu Feministak egindako deiari erantzunez, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean herritar ugari atera dira kalera. Aliantzak egin eta antolatzeko unea dela esan dute.

Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak lau haizetara zabaldu dituzte eskualdean. Izan ere, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira, Tolosaldeko Mugimendu Feministak herritarrei kalera ateratzeko deia egin zien, konplizitate sareen aurka borrokatzera. Tolosaldeko hainbat herritan elkarretaratzeak egin zituzten, eta  Tolosan manifestazioa egin zuten. 

Mugimendu feministako kideek esan dute aurten ere kaleak hartzeko arrazoiak daudela: «Sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak egitura guztiak martxan ditu zapalkuntzak betikotzeko, eta beraz, indarkeriak betikotzeko. Gorputzetan nahiz lurraldeetan. Aspalditik diogu hiru zapalkuntza sistema horien ondorioz, emakumeak*, migratu eta arrazializatuak eta sexu-genero disidenteak garela kolpatuenak. Eta baieztapen hori geroz eta era ageriagoan ari da materializatzen faxismoa, eskuin muturra nahiz eskuineko hainbat mugimendutan ikus daitezkeen jarrera eta diskurtso erreakzionarioen bitartez».  

Esan dute ez dutela feminismoaren instrumentalizazioa onartuko «gorroto diskurtsoak zabaltzeko eta feminismotik ezer gutxi duten neurriak proposatzeko». Feminismoaren izenean diskurtso arrazistak ere ez dituztela onartuko adierazi dute, ezta segurtasunaren izenean polizia gehiago behar denaren ideia defendatuko ere. 

Aliantzak egiteko eta antolatzeko garaia dela ere esan dute: «Askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta ekin behar diogu borrokari, nork bere lekutik eta elkarrekin. Zapalkuntzak izendatuz eta etsaiari aurre eginez. Indarkeria erreproduzitzen ari diren eta indarkeria matxista amaitzeko baliabiderik jartzen ez duten instituzioen aurka antolatuko gara, anaidia sostengatzen ari diren gizonen aurka antolatuko gara eta antifeminismoa antolatzen ari direnen aurka antolatuko gara. Sareak sortuz eta aurre eginez. Askotariko indarkeriek gurutzatuta bizi beharko ez diren bizitzen alde. Faxismoari feminismoz erantzungo diogu».

Borroka indartzea

Tolosaldeko Itaiak, bere aldetik, manifestaziora deitu zituen herritarrak Tolosan. Antolakundeak esan du indarkeria matxistaren problematika inoiz baino biziago dagoela: «Batetik, eraso matxisten kopurua etengabe igotzen ari da, eta, bestetik, horien bortizkeria ere areagotzen ari da». Egoera onartezina dela esan dute, eta nabari dutela gizartearen zentzu komunean, nolabait, normalizatzen ari direla indarkeria matxista kasuak, «eta uste dugu hori lotuta dagoela kaleko erantzuna apaldu izanarekin». Gehitu dutenez, guzti horri aterabide errealak emateko «ezintasuna edo borondate falta nabari da neurri orotako instituzioen partetik». 

Horren guztiaren aurrean, matxismoaren aurkako borroka indartzea ezinbesteko eginbeharra dela esan dute: «Batetik, matxismoaren aurkako mugimendu indartsu bat eraiki behar dugu, kale mailako mobilizazioan eta antolakuntza independentean oinarritua. Bestetik, indarkeria matxista eta erasotzaileen inpunitatea normalizatu ez daitezen, eraso matxista guztiei erantzun behar diegu gure herri/auzoetan, hezkuntza-zentroetan, lantokian. Borroka horretan, emakumeok eta, oro har, langile klasea agente aktibo bilakatu behar dugu». Horregatik, norabide sozialista argi batekin indarkeria matxistaren aurka borrokatzen jarraitzeko deia egin dute.

Txotxongiloen bidez

Mobilizazioez gain, beste hainbat ekitaldi egin zituzten, atzo, indarkeria matxistaren aurka. Horietako bat izan zen Titirijai jaialdiaren bueltan aurkeztu zuten Melón Pelado antzezlana. Gerra garaian emakumeei ilea mozten zitzaieneko errepresioa eta zigorra ditu hizpide lanak eta Tolosako Udaleko Berdintasun Sailarekin eta Andragorarekin elkarlanean antolatu zuten hitzordua. Emanaldiaren aurretik, Aranzadiko aditu baten eskutik, emakume horien mapa historikoa ezagutzeko saioa egin zuen, arreta berezia Tolosan jarrita.

Erlazionatuak

Euripean ere aldarriak ozen

Leyre Carrasco aza 25, 20:00 Amasa-Villabona   Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!