Bilboko erailketa matxista salatu dute

Tolosaldeko Ataria

Bilbon gizon batek bikotekide ohia hil duela salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur eskualdeko zenbait herritan. Tolosaldeko Itaiak erailketa gaitzestearekin batera salatu ditu gaur Tolosan izandako eraso batzuk ere.

Bilbon emakume bat bikotekide ohiak hil duela salatzeko Asteasun, Berastegin eta Iruran [argazki galerian] egin ditu mobilizazioak Mugimendu Feministak, eta Tolosako Euskal Herria plazan egin du elkarretaratzea Tolosaldeko Itaiak. Gaur ez ezik, datozen egunetan ere egingo dituzte mobilizazioak. Euskal Herrian hiltzen duten seigarren emakumea da, eta gaurko elkarretaratzean hori salatzeaz gain, Tolosan gaur izandako zenbait eraso ere salatu ditu Tolosaldeko Itaiak.

Emakumeen antolakunde sozialistatik seinalatu dute «instituzioen mugak» agerian utzi dituela erailketak: «Gizonak urruntze agindua urratu du, eta biek partekatzen zuten etxean erail du bikotekide ohia. Emakume horrek ez zuen babesgune beharko lukeen etxebizitzarik bermatuta. Lehentasunezkoa da borroka egitea indarkeria matxista jasaten duten emakumeek babes logistiko eta profesionala bermatuta izan dezaten».

Gogora ekarri dute Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna pasa berritan gertatu dela erailketa, eta aurten hiltzen duten seigarren emakumea dela: «Gizarte kapitalistan emakumeok bigarren mailako subjektu gara, eta edozein motatako erasoak jasaten ditugu. Tolosan bertan izan ditugu eraso matxista kasu aipagarriak: bortxaketa saiakerak, jarraipenak, jazarpenak... Azken orduetan ere hainbat salaketa egon direla zabaldu da sareetan, gizon batek hainbat emakumeri eraso egin dielako kalean». Ildo beretik adierazi dute ezinbestekoa dela «diskurtso matxista eta faxista guztiei» aurre egitea: «Indarkeria matxista asmakizun ideologiko bat dela edo esajeratu batzuk garela sinestarazi nahi digute. Aski da!».

Amaitzeko, matxismoari aurre «auzoz auzo eta herriz herri» egingo dion mugimendu indartsua hedatzeko deia egin dute: «Gizartean matxismoaren aurkako kontzientzia zabalduz eta eraso matxista orori aurre eginez, batu borrokara matxismoa behin betiko amaitzeko!».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!