Ataria TB

«Jangela zerbitzua duintzea eskatzen dugu, eta azken helburu gisa, bertan sukalde bat izatea»

Tolosaldeko Ataria

Orixe ikastetxearen aurrean elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, Guraso Elkarteko Jangela Batzordeak deituta. Leire Retegik eta Beñat Iriondok kontatu dizkigute beraien eskariak eta euren seme-alabek bizi duten egoera.

Gaur eguerdian, 12:00etan, elkarretaratzea egin dute Orixe ikastetxearen aurrean, Tolosan, Guraso Elkarteko Jangela Batzordeko kideek deituta, ikastetxeko jangelako zerbitzuarekin duten desadostasuna salatzeko.

Batzordeko kideen arabera, 2025-2026 ikasturtean, egoitza berrian jangela zerbitzua martxan jarri zenetik, ikasleen artean kexak orokortzen joan dira. Besteak beste, janari kantitate txikiak eta prestaketa desegokiak aipatu dituzte. Arazoaren jatorria ikastetxea sukalderik gabe eraiki izana dela uste dute: «janaria kanpoko sukalde industrial batean prestatzen da, eta ikastetxera garraiatzen dute».

Gaur egun, 350 ikaslek erabiltzen dute jangela zerbitzua, eta horietatik %75 inguru Tolosaldeko beste herrietatik etortzen dira; beraz, ezin dute etxera bazkaltzera joan.

Egoeraren aurrean, zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta, epe luzera, ikastetxean bertan sukaldea jartzea eskatzen dute. Bitartean, beste neurri batzuk proposatu dituzte: etxetik ekarritako janaria ikastetxean jateko aukera izatea edo inguruko ikastetxeetako sukaldeak erabiltzea.

Batzordearen esanetan, Eusko Jaurlaritzak berak 2025ean adierazi zuen janaria kanpotik garraiatzen duen jangela eredua ez dela egokiena, eta ikastetxeetan sukaldeak jartzearen alde egin zuen. Hala ere, Hezkuntza Sailarekin izandako harremanetan ez dute aldaketarik lortzeko borondaterik antzeman. Ikastetxeko zuzendaritzak, aldiz, arazoa ulertzen duela eta sukaldea jartzearen aldekoa dela azaldu diete, izan ere, eraikuntza berriak sukaldea izatea nahi zuten.

Jangela Batzordeko kideen arabera, Orixeko egoera ez da kasu isolatua, eta beste ikastetxe publiko batzuetan ere antzeko arazoak daude. Horregatik, hezkuntza publiko duin baten barruan jangela zerbitzu duina eta egokia bermatzea aldarrikatu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!