Tolosako Udaltzaingoaren afera

Tolosako EAJren iritziz EH Bilduko udal gobernuak eta alkateak erantzukizunak saihestu dituzte

Tolosaldeko Ataria

Tolosako EAJ ez dago ados Tolosako Udalak atzo emandako azalpenekin. 

Alderdi jeltzalearen iritziz udaltzainburuak egindako txostenak baieztatzen du udaltzainek Intxaurrondon tiro praktikak egin zituztela. Esan du txostenak berresten duela Tolosako 18 udaltzain prestakuntza saio batean izan zirela Intxaurrondoko kuartelean joan den irailaren 23an, eta 8 udaltzaini urte bukaerara arteko tiro praktikak egiteko aukera eman zitzaizkiela –Intxaurrondoko kuartelean eta Guardia Zibilaren instruktoreekin–. «Komunikabideetan polemika piztu zenean, 2 agentek eginak zituzten tiro praktikak Intxaurrondon», gehitu du. Tiro praktikak Tolosako udaltzain gisa eta Tolosako arauzko armekin egin direla gehitu du; «Tolosako udaltzain gisa uniformatuta, eta Intxaurrondora joan dira Tolosako udaltzaingoaren ibilgailuarekin, jakin ahal izan dugunez». 

Tolosako alkateari zuzendu zaio eta esan du azaroaren 3an egin zituen adierazpenetan ez ziela esan herritarrei Tolosako udaltzainek Intxaurrondon tiro praktikak egin zituztenik, «gertaeraren larritasun politikoaz jabetuta». «Kezkagarria da oso, Tolosako 18 udaltzainek aldi berean prestakuntza ikastaro bat jasotzen egotea Intxaurrondoko kuartelean, eta EH Bilduko alkateak eta udal gobernuak haren inguruko berririk ez zutela esatea». Gehitu du udaltzainek orain arte ez dutela inoiz jaso prestakuntzari Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean, eta frogatuta geratu dela ez dela egon EH Bilduko udal gobernuaren zein alkatearen partetik, Udaltzaingoaren arduradun nagusi gisa, beharrezko zen kontrola eta ikuskapena; «gerora adierazi duten bezala, formazio hau gertatu izanaren oso aurka azaldu baitira. EH Bilduko udal gobernuak eta alkateak erantzukizunak saihestu dituzte, azalpen sakonik eman gabe». 

EAJren iritziz, Tolosako udal gobernuak jasotako kritiken ondorioz aitortu du akats politiko larria egin duela, eta hemendik aurrera Udaltzaingoari eskainitako prestakuntzaren gainbegiratze eta jarraipen prozedurak aldatzeko beharra. «EAJ-PNVk Gernikako Estatutua defendatzen du, Ertzaintza herri honetako polizia integral gisa eta Arkautiko Akademia gure polizia guztientzako prestakuntza-zentro gisa, baita gure udaltzaingoentzako ere».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!