«Zabaldu den informazio gehiena faltsua dela baieztatzeko moduan nago»

Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok Tolosako hainbat udaltzainen tiro praktiken inguruan zabaldu den auziaren inguruko azalpenak eman ditu. Esan du gertatutakoaren inguruko informazio guztia biltzen ari direla, eta aurrerago emango dituztela azalpen gehiago.

Udaltzaingoaren prestakuntzaren inguruan sortutako polemikaren harira, azalpenak eman ditu Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok.
 
Esan du zabaldu den informazioaren zati handi bat «faltsua, okerra eta manipulatua» izan dela, eta horrek tristura eta harridura handia eragin diola. Aurrerago azalpen gehiago emango dituela adierazi du, baina, esan du informazio gehiena faltsua dela baieztatzeko moduan dagoela. «Izan ere, Tolosako Udaltzaingoak Guardia Zibilaren Gipuzkoako Komandantziaren eskutik, Intxaurrondon jasotako prestakuntza Arma eta Lehergaiei buruzko 137/1993 Errege Dekretuaren inguruko prestakuntza teorikoa izan zen, ez besterik. Prestakuntza hori udaltzainburuaren erabaki teknikoa izan zen, agenteen etengabeko prestakuntzaren arduradun den aldetik. Erabaki horren arrazoien artean dago, besteak beste, Tolosako eskopetarien jaiaren antolaketan eta arma-ikuskapenetan udaltzainek duten eginkizuna eta horretarako araudia ezagutzeko beharra. Eta tamalez, gaur egun gai honen eskumen esklusiboa Guardia Zibilarena da».
 
Argi utzi nahi izan du ez dela Guardia Zibilarekin inolako prestakuntza-hitzarmenik sinatu, eta Udaltzaingoaren agenteek Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean egindako prestakuntza horri buruzko erabakia ez dela berak hartutakoa izan; «argi adierazi nahi dut ez dudala erabaki hori babesten». Azkenik, polemika «antzu hau» hauspotu duten eragileei eskatu die garbi joka dezatela, eta utz ditzatela hauteskunde interesak eta alderdikoiak albo batera, eta herritarren interes orokorrak lehenetsi ditzatela. «Erantzukizun politikoa egia argitzea da, ez nahasmena elikatzea».

Gehitu du desadostasun politikoak, gizarte-ereduari edo neurri zehatzei buruzko eztabaidak, guztiz zilegiak eta demokratikoki osasuntsuak direla, «baina horretarako, ezinbestekoa da egia errespetatzea. Gezurrek, manipulazioek eta interes alderdikoiek elkar ulertzeko eta aurrera egiteko beharrezkoak diren zubiak eraisten dituzte. Gertatutakoaren inguruko informazio guztia biltzen ari gara eta aurrerago azalpen gehiago emango ditugu. Dena den, zabaldu den informazio gehiena faltsua dela baieztatzeko moduan nago». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!