Tolosako Udaltzaingoaren afera

Intxaurrondon egindakoa saio tekniko bat izan zela esan du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria

Tolosako Udalak Udaltzaingoaren prestakuntzari buruzko gertakariak argitu ditu. Udaltzainburuak egindako txosten teknikoa aztertu du, eta esan du txostenak zehazten duela Intxaurrondon egindakoa saio tekniko bat izan zela, eta tiro-ariketak borondatezkoak zirela, lanalditik kanpokoak eta prestakuntza araututik kanpokoak. Era berean, udalak hainbat neurri hartu ditu etorkizunean antzeko egoerak saihesteko. 

Tolosako Udalak Udaltzaingoaren prestakuntzaren inguruan azken asteotan sortutako eztabaidari buruzko informazioa argitu du gaur egin duten Antolakuntza batzordean. Horretarako, Udaltzaingo buruak azaroaren 11n egindako txosten teknikoan jasotako egitateak aztertu dituzte. Izan ere, jardueren jatorria Gipuzkoako Guardia Zibilaren komandantziak 2026ko maiatzean hainbat udaltzaingotako arduradunei egindako gonbidapenean dago. 

Esan dute, zehazki Guardia Zibilak bere eskumeneko hainbat gairi buruzko saio teknikoetan parte hartzeko aukera eskaini ziela hainbat udalerritako udaltzaingoei. «Testuinguru horretan, Tolosako udaltzainek Intxaurrondon egindako jardueretako bat azalpen teoriko bat izan zen, Armei eta Lehergailuei buruzko Erregelamendua arautzen duen 137/1993 Errege Dekretuari buruzkoa. Txostenak argitzen du jarduera hori ez zela Udaltzaingoaren ohiko prestakuntza edo prestakuntza arautua izan, baizik eta gai zehatz bati buruzko saio teknikoa, Guardia Zibilak arlo horretan dituen eskumenen esparruan antolatua».

Tiro-ariketei dagokienez, txosten teknikoak jasotzen du Guardia Zibilak bere instalazioetako tiro-galeria erabiltzeko aukera eskaini ziela udaltzainei, tituludun instruktore baten zuzendaritzapean. Udaltzainburuak aukera horren berri eman zien Tolosako agenteei, eta berariaz zehaztu zuen borondatezkoa izango zela jarduera, lanalditik kanpo egingo zela, ez zuela prestakuntza-izaerarik izango, eta ez zela prestakuntza gisa zenbatuko. Hain zuzen ere, bi udaltzainek egin zituzten tiro praktikak egun bakar batean.

Txostenak, halaber, berresten du Udaltzaingoaren prestakuntza arautuaren ardura Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari dagokiola, eta Tolosako Udaltzaingoak akademia horrekin duen lankidetza eta prestakuntza-harremana ere berresten du. «Horren guztiaren erakusgarri da, 2026an hainbat agentek Arkautiko akademiaren prestakuntza-jardueretan parte hartu izana, eta, areago 2027rako prestakuntza-eskaerak ere aurreikusita daude. Era berean, dokumentuak baieztatzen du Tolosako Udaltzaingoak ez duela Guardia Zibilarekin prestakuntza-hitzarmenik sinatu, eta aipatutako jarduerek ez dutela ekarri Udaltzaingoaren prestakuntza-eredua aldatzea».

Udalak azpimarratu du txosten teknikoak jasotako informazioak aukera ematen duela gertatutakoaren izaera eta testuingurua zehazteko, eta erabaki teknikoak eta erabaki politikoak bereizteko. «Jasotako dokumentazioaren arabera, aipatutako jarduerak udaltzainburuak bere eginkizunen esparruan kudeatutako harreman eta aukera teknikoen ondorio izan ziren, eta ez udal gobernuak Udaltzaingoaren prestakuntza eredua aldatzeko hartutako erabaki baten ondorio. Horregatik, udalak beharrezkotzat jotzen du eztabaida publikoa egiaztatutako gertakarietan eta dokumentatutako informazioan oinarritzea. Ildo horretan, udalak hasieratik adierazitako gardentasun konpromisoa berresten du, eta azaroaren 18ko Antolakuntza Batzordean txostenaren xehetasun guztien berri eman da. Era berean, Tolosako Udalak berresten du informazio guztia argitzeko eta herritarrei beharrezko azalpenak emateko eta erantzukizunez jokatzeko borondatea izan duela».

Udal gobernuak urtero onartuko du prestakuntza plana

Era berean, Tolosako Udalak hainbat neurri hartu ditu etorkizunean antzeko egoerak saihesteko, eta Udaltzaingoaren prestakuntzaren plangintza, koordinazioa eta jarraipena indartzeko helburuarekin. Aurrerantzean, udal gobernuak urtero onartuko du Udaltzaingoaren prestakuntza plana, eta plan horretatik kanpo egin nahi den prestakuntza jarduera oro Alkatetzari jakinarazi beharko zaio, hala dagokionean, haren oniritzia jaso dezan. Neurri horien bidez, udalak prestakuntza-jardueren gaineko koordinazioa eta kontrola indartu nahi ditu, eta, aldi berean, udaltzainen etengabeko prestakuntzaren aldeko apustua sendotu. Horretarako, lehentasuna emango zaie herritarren segurtasunean, arretan eta eguneroko zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena duten gaiei, Udaltzaingoaren jarduna herritarren beharretara egokitzeko eta zerbitzu publiko eraginkorragoa eta hurbilagoa bermatzeko.

Azkenik, Tolosako Udalak segurtasun publiko integralaren euskal ereduarekiko konpromisoa berrestsi du, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko koordinazioan, erakundeen arteko lankidetzan eta herritarren eskubideen eta askatasunen babesean oinarrituta. Udalaren lehentasuna herritarren segurtasuna eta bizikidetza bermatzea da, horretarako beharrezkoak diren baliabideak, prestakuntza eta koordinazio mekanismoak indartuz. «Udalaren ustez eztabaida politikoak errespetuan, gardentasunean eta egiaztatutako informazioan oinarritu behar du, interpretazio interesatuak eta funtsik gabeko salaketak alde batera utzita. Horregatik, gertakariak argitzeko egindako lana balioetsi, eta herritarren interes orokorra lehenesteko deia egiten du, polemika politikoen gainetik». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!