Ataria TB

«Behi esnez egindako gaztak oso onak izan daitezke»

Josu Artutxa Dorronsoro

Hunkituta hitz egin du Euskal Herriko Gazta onenaren saria jaso duen Bizkaigane gaztandegiko Markel Enzunza gaztagileak. Gaztandegia osatzen duten langile guztiei eskaini die saria.

35 gaztandegitako 91 produktu aurkeztu dira Euskal Herriko Gazta eta Esnekien V. Txapelketara, eta Errigoitiko (Bizkaia) Bizkaigane gaztandegiaren Elur maluta pasta biguna izan da onena. «Sari oso berezia da», adierazi du Markel Enzunza gaztagileak. Iaz hirugarren postuan sailkatu ziren pasta bigunen kategorian. «Pentsatzen nuen lehen postuetan sailkatu gintezkeela kategoria horretan, baina ez nuen espero txapeldun nagusia izatea. Euskal Herrian beti izan da ardi gazta gehien eskatzen dena, baina talde bat bagabiltza behi esnearekin lanean, esne horrekin egindako gaztak oso onak izan daitezkeela erakusten».

Bizkaiganek 40 urte daramatza lehen sektorean lanean. «Beti egin dugu apustua esnekien salmenta zuzenaren, eraldatzearen eta dibertsifikazioaren alde. Gazta hau gure dibertsifikazioaren apustua da, eta zortzi urte daramatzagu pasta biguin hau egiten. Gazta honen atzean hamabi laguneko lan taldea dago, baina haiek lanean geratu behar izan dute, eta ni izan naiz gaur ordezkaria hemen. Haiei esker lortu dugu saria.

Gazta irabazlearen sekretuak ere kontatu ditu: «Hiru ardatz nagusi ditu Bizkaiganek: lurraren zaintza, animalien ongizatea eta langileen bizi-baldintzak ahalik eta duinenak izatea bermatzea. Hiru ardatz horien emaitza da gazta hau, eta honen atzean dago Bizkaigane guztia. 365 egun gabiltza lanean; egunero jetzi behar dira behiak, goizean eta arratsaldean».

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!