Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak prentsaurrekoa egin du eguerdian, Tolosako anbulatorioaren atarian, eskualdeak bizi duen osasun egoerari buruz agintariei zenbait azalpen eskatzeko. Informazio eta azalpen falta azpimarratu ditu TOPAk, eta argibideak eskatu ditu ospitale berriaren obra proiektuaren luzapenari buruz.
Batetik, plataformako kideek salatu dute osasun mapan Tolosaldeak «esperimentu bat» izaten jarraitzen duela. «Ospitale publikorik gabeko EAEko eskualde bakarra izaten jarraituko al dugu?», galdegin dute berriro. Duela hilabete batzuk auzi-errekurtsoa jarri zioten ospitale berriaren obra proiektuaren lizitazioari. «Ez dakigu zer gertatuko den, beraz, horren atzerapenari buruzko informazioa exijitzen dugu», esan dute. «2019tik partekatzen eta babesten ez dugun proiektu bat atzeratzen ari dira Tolosaldean. Garbi daukagu: Tolosaldeko osasun arretaren kalitatea hobetzeko Eusko Jaurlaritzak duen plana ez da egokia eta, gure ustez, Asuncion Klinika publiko egitea izango litzateke aukera zuzena», gaineratu dute.
TOPAk beste behin salatu du Tolosaldeko biztanleek «zailtasunak» dituztela eskualdeko osasun egoera ezagutzeko. «Ez dakigu ezer, soilik zentro berria eraikitzeko epea luzatu dela, eta proposatzen duten osasun azpiegitura horrek ez dituela Tolosaldeko beharrak aseko, hau da, eskualdeko ospitalea ez dela izango. Ekitaterik gabe jarraitzen dugu, herritarrek zein Tolosaldeari lotutako osasun profesionalek azpimarratzen duten bezala». Esan dutenez, informazio gehiago nahi duenak eskuragarri ditu haien blogean (osasunpublikoa.blogspot.com) Plan Funtzionala eta zentro berriari «uko» egiten dion osasun-profesionalen komunikatua.
Plataformako kideek «ezinbestekotzat» jo dute «osasun publiko duin baten defentsa egitea, osasun pribatuaren aldeko proposamenen aurrean», eta nabarmendu dute «beste proiektu faraoniko batzuetara milioiak bideratzen diren bitartean», osasun publikoak «geroz eta baliabide eskasagoak» dituela. Eusko Jaurlaritzak osasun publikoari zer nolako lehentasuna ematen dion ere galdegin dute. «Osasun publikoaren aldeko diskurtso politiko asko egiten badituzte ere, argi erakutsi dute osasungintza pribatizatzeko saiakera baten aurrean gaudela; programatuta dagoen prozesu bat jarraitzen ari garela dirudi». Adibidez, Bizkaian proposatu dituzten neurriak azpimarratu dituzte: «osasun-aseguru pribatuei zerga-salbuespenak jartzeko ahaleginak egin dituzte, hau da, osasun-aseguruek desgrabatzeko aukera izatea proposatu dute».
Gerentearen ezezkoa
Bestalde, TOPAko kideek esan dute Donostialdeko ESlrako trantsizioa nola egingo den «jakin gabe» jarraitzen dutela. «Norengana jo ere ez dakigu, Tolosaldeko ESIko gerenteak ez baitu gurekin elkartu nahi izan, haren arabera, ez baitu eskumenik gure galderei erantzuteko. Oraindik ez dakigu noiz eta zein egoeratan joan ahal izango garen Donostia Ospitalera. Klinikako profesionalen egungo egoera zein den jakin gabe jarraitzen dugu, eta Tolosaldeko ESlaren eta Donostialdeko ESlaren arteko trantsizioaz arduratzen diren barne-medikuen konpetentziak zein diren ere ez da zehaztu. Zein dira gerentearen eskumenak, galdera horiei erantzutea ez bada?».
Amaitzeko, eskualdeko herritarrei helarazi diete osasun publikoaren alde borrokatzen jarraitzen dutela, eta bat egiten dutela Asuncion Klinikako langileen Enpresa Batzordeak deitutako manifestazioarekin. «Tolosaldean osasun arreta hobetzea lortu arte ez ditugu gure aldarrikapenak utziko».