Osasun publikoaren afera

Asuncion Klinika % 100 publikoa izatea eskatu dute langileek

Klinika publifikatzea, 380 langileen lan eskubideak bermatzea eta osasun zerbitzu guztiak mantentzea eskatzeko manifestazioa deitu dute azaroaren 21erako Tolosan.

Asuncion Klinikako enpresa batzordeak hiru eskaera egin dizkio gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari: eskualdeak behar duen ospitale publikoaren alde egitea eta klinika publifikatzea; erietxean ari diren 380 langileen subrogazioa bermatzea, haien enplegua eta lan eskubideak babesteko; eta zerbitzu guztiak izango dituen eta % 100 publikoa izango den ospitalea bermatzea, eskualdeko herritarrek kalitatezko arreta jaso dezaten. Aldarrikapen horiek kalera eramango dituzte azaroaren 21ean: herritarrek, langileek eta eskualdeko eragileek mobilizaziora deitu dute egun horretan, Tolosan.

Enpresa batzordeko ordezkariek adierazi dutenez, Osasun Sailak onartutako plan funtzionalak ez ditu langileek eta herritarrek urte luzez aldarrikatutako baldintzak bermatzen. Haien hitzetan, «plan funtzionalak osasun zerbitzuen murrizketa dakar, eta bertan proposatutako zerbitzu-zorroa Tolosaldean gaur egun eskaintzen dena baino murritzagoa da».

Langileek azaldu dutenez, Asuncion Klinikako arduradun Jesus Gomez Montoyak klinikaren publifikazioa ahalbidetzeko borondatea adierazi die enpresa batzordeari eta klinikako langileei, baita Osasun Sailari ere. Klinika publifikatzea eta egungo instalazioak aprobetxatzea aukera erreal gisa aztertzeko eskatu dute enpresa batzordeko bozeramaileek. «Horretarako, beharrezkoa da negoziazio mahaia irekitzea eta aukera bakoitzaren kostuei eta ondorioei buruzko informazio gardena ematea».

Klinika publifikatzeko eskaerarekin batera, Asuncion Klinikako 380 langileen subrogazioa ere aldarrikatu dute. Langileen iritziz, publifikazioak aukera emango luke haien lan etorkizunari buruzko ziurgabetasuna gainditzeko eta urteetan luzatu den gatazkari irtenbidea emateko. «Onkologikoko langileak subrogatu badira, zergatik ez Asuncion Klinikakoak?», galdetu dute agerraldian.

«Tolosaldeko osasunaren etorkizuna ezin da ziurgabetasunean utzi. Bada garaia negoziazioa abiatzeko, herritarren osasun beharrak eta langileen lan baldintzak bermatzeko, dauden baliabideak aprobetxatzeko aukerak aztertzeko eta konponbidea adosteko». Hori dela eta, herritarrei mobilizatzeko deia egin diete, klinika publifikatzearen, bertako langileak subrogatzearen eta Tolosalderako osasun publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde. Mobilizazioa azaroaren 21ean egingo dute, Tolosan.

Bien bitartean, LABek eta ELAk, klinikako enpresa batzordean ordezkaritza duten sindikatuek, biharko elkarretaratzea deitu dute Tolosako Euskal Herria plazan. Uzturre foroaren gonbidapenari erantzunez, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hitzaldia emango du bertan, eta langileek aukera hori baliatuko dute beren aldarriak plazaratzeko. 18:00etan elkartzeko deia egin dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!