Tolosako EAJ alderdiaren iritziz Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok atzo emandako azalpenak ez dira nahikoa. «Informazioa biltzen ari dela adierazi zuen, baina eskainitako azalpenak ez ziren batere argigarriak izan. Oraindik ez dakigu zenbat udaltzain joan ziren, noiz joan ziren, eta, batez ere, zer helbururekin eta zer motatako prestakuntza jasotzera joan ziren Intxaurrondora».
Egunkari batek gaur argitaratu duen informazio bati erreferentzia eginaz esan du Tolosako udaltzainek tiro praktikak egin zituztela Intxaurrondon, eta informazio horrek galdera berri bat planteatzen duela: «Zein da egia? Atzo alkateak ez zuen halakorik baieztatu, eta EAJ bazterrak nahasten zebilela esan zuen. Gaur argitaratutako informazio hori gezurtatu edo berretsi egin behar du alkateak, eta herritarrei argi eta garbi azaldu zer gertatu zen».
Alkateak eskopetarien jarduerari buruz aritu zen atzo, eta hori ere ez du ulertzen EAJk: «Ez dugu ulertzen, halaber, zer lotura duen Tolosako eskopetarien jarduerak Intxaurrondon udaltzainek jasotako prestakuntzarekin. Eskopetariek armak Guardia Zibilera eraman behar izaten dituzte pertsonalki arma guztiak erregistratuta geratu daitezen, bai, gai honen kudeaketa Guardia Zibilaren eskumena delako. Esku-hartzea hor amaitzen da. Zer zerikusi dauka Tolosako Udaltzaingoak San Joan jaietako armen kudeaketarekin? Ez dugu ulertzen alkateak bi gaiak nahastu izana, eta are gutxiago horren bidez udaltzainen prestakuntza justifikatu nahi izatea Intxaurrondon».
EAJren «apustua» beti argia izan dela gehitu du: «Gernikako Estatutua, euskal autogobernuaren esparrua, Ertzaintza polizia integral gisa, Euskal Poliziaren Legea eta Arkautiko Akademia. Horiek dira gure ereduaren oinarri eta gure konpromisoa euskal polizia ereduarekin dago».
Era berean, ez zaio zilegi iruditzen gertatutakoaren ardura teknikarien bizkarretan utzi nahi izana. «Izan ere, argi dago Udaltzaingoaren azken arduradun politikoa alkatea bera dela, eta hari dagokiola hartutako erabakien inguruko azalpenak ematea eta erantzukizunak bere gain hartzea».
EH Bildu gai honen inguruan fokua aldatzen saiatzen ari dela salatu du, EAJri elektoralismoa leporatuz eta eztabaida beste norabait eramanez. «Gure ustez, ardurak saihesteko estrategia bat da hori. Gertakarien inguruko lehenengo informazioak astelehenean jaso genituen egunkari baten bidez; horregatik lehertu da orain gaia. Kontua ez da nork ateratzen dion etekin politikoa gaiari; kontua da zer gertatu den, nork hartu duen erabakia eta zergatik. Herritarrok azalpenak merezi ditugu».
EAJk gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatu ditu, idatziz, «gure betebehar politiko eta instituzionala delako udal-kudeaketaren gardentasuna eta kontrola bermatzea. Azken batean, gure jarrera argia da: Tolosako udaltzainak Intxaurrondora tiro praktikak (Arkautin jada eskaintzen direnak) egitera bideratu izana oso erabaki larria eta desegokia dela deritzogu. Eta ez da gure iritzia bakarrik, badirudi berdin pentsatzen dutela ELA eta LAB sindikatuek, Udaltzainburuen Elkarteak eta [Arnaldo] Otegi berak ere (behingoagatik ados gaude berarekin). Alkateari dagokio azalpenak ematea, herritarren aurrean gertatutakoa argitzea eta hartutako erabakien ardura bere gain hartzea. Gardentasuna eta erantzukizun politikoa ezin dira saihestu, are gutxiago Udaltzaingoaren jarduna eta euskal polizia eredua bezalako gai erabakigarri eta sentsible batean».