Tolosako EAJk dokumentazioa eskatu du

Tolosako EAJk Intxaurrondoko Guardia Zibilaren instalazioetan udaltzainek tiro praktikak egiteari buruzko informazioa eta dokumentazioa eskatu du.

Tolosako EAJk herriko hainbat udaltzainek Intxaurrondoko Guardia Zibilaren instalazioetan tiro praktikak egiteari buruzko informazio eskaera sartu du udalean. Azaldu duenez, argitaratutako informazioak hainbat galdera sorrarazten dizkie; besteak beste, praktika horiek zer egoeratan antolatu diren eta emandako baimenak zein instalazio horiek aukeratzeko arrazoi izandako irizpide teknikoak, ekonomikoak eta antolamendukoak zein izan diren.

Jeltzaleen esanetan, Tolosako Udalak, Udaltzaingoaren ardura duen administrazioa den aldetik, bere agenteen prestakuntza egokia bermatu behar du, baita prestakuntza horrekin lotutako erabakien gardentasuna eta justifikazio egokia ere: «Euskadik polizia prestatzeko eta koordinatzeko sistema propioa du, eta Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak funtsezko eginkizuna du. Ondorioz, beharrezkoa da jakitea zergatik jo den Guardia Zibilaren instalazioetara eta zer aukera baloratu diren».

Zehazki, zazpi gairi buruzko informazioa eskatu du udal talde jeltzaleak: tiro praktikak erabaki eta baimentzea, udal eragileen parte-hartzea, Guardia Zibilarekiko harremana, Arkauti eta prestakuntza aukerak, kostu ekonomikoak eta udal baliabideak, etorkizuneko plangintza, eta erantzukizun politikoa eta udal gobernuaren ezagutza.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!