Haitz Gorostidi eskubaloiko alboko jokalari tolosarrak Suitzako Pfadi Winterthur taldean jokatuko du datorren denboraldian. 25 urterekin, nazioarteko lehen esperientzia biziko du Suitzako talde historikoan. Goran Cvetković talde suitzarreko entrenatzaileak Gorostidiren zenbait alderdi nabarmendu ditu: «bizkortasuna, jaurtiketa indartsua, joko-erritmoa eta bakarkako dueluetarako kalitatea». Gaitasun horiekin tolosarrak espero du taldeari laguntzea.
Urrats garrantzitsua izango da Gorostidiren ibilbide profesionalean. Azken bost denboraldietan BM Guadalajaran jokatu du, eta taldeko jokalari nabarmenetako bat izan da. Zenbait urtez herriko taldean jokatu ondoren, orduan Bigarren Mailan zegoen Guadalajarak fitxatu zuen 2020an. Geroztik, bilakaera nabarmena izan du. Asobal Ligara –lehen mailara– igo zen taldea, eta hiru urtez egon da bertan. Hiru denboraldi horietan taldeko golegile nagusietako bat izan da Gorostidi; 69 partidatan 205 gol sartu ditu. 2024-2025 denboraldian, gainera, ligako jokalari hasiberri onena izateko hautagaien artean egon zen.
Azken denboraldia, ordea, ez da onena izan. Zenbait lesioren ondorioz, bederatzi partida bakarrik jokatu ditu. Hala ere, Gorostidiren datuak oso onak izan dira; batez beste partidako lau gol baino gehiago sartu ditu, guztira, 38. Aldiz, taldearen emaitzetan eragina izan du tolosarraren hutsuneak, eta denboraldi amaieran Bigarren Mailara jaitsi zen berriro Guadalajara.
Joan den maiatzean esan zion agur Gorostidik Guadalajara taldeari, negar malko artean. «Nire ametsa egia bihurtzeko aukera eman didan taldea izan da, baina batez ere lehen egunetik etxean sentiarazi nauten pertsonak nabarmendu nahi ditut. Inoiz ez nuen irudikatuko hemen bizi dudan guztia. Eskerrik asko honen parte sentiarazteagatik. Zuek guztien zati bana eramango dut», adierazi zuen.
Jokalari gihartsuagoak, erritmo azkarragoa
Tolosarra «garrantzitsua» sentitzen zen Guadalajaran. Gorengo mailako beste talde batean jokatu nahi zuen, eta ahal balitz, Europako txapelketaren bat jokatuko zuen talde batean. «Egia esan, urrian edo azaroan suertatu zen aukera», aitortu du. Ordezkariarekin hitz egin zuen orduan. «Esan zidan oso liga egokia dela niretzat, bereziki gorputzaren prestakuntza fisikoan urrats handia emateko. Horrek, gerora, Alemanian jokatzeko aukera eman diezakedala uste du, jokatzeko modua antzekoa delako bertan. Hori bai, batez ere, ikasteko balioko dit esperientzia berri honek», esan du tolosarrak.
Gorostidik jokalari azkartzat du bere burua, eta nabarmendu du Suitzako ligan jokoaren erritmoa oso altua izaten dela. «Jokalariak, oro har, oso handiak eta gihartsuak dira. Esan didate lan handia egin beharko dudala defentsan; asko ikasi beharko dut. Azken urteetan talde jokoa egitera ohitu naiz, eta hemen, orain arte ikusi dudanagatik, garrantzi handiagoa du bakarkako jokoak».
Oraindik azken lesiotik guztiz osatu gabe dago Gorostidi, eta Suitzan bertan ari da % 100era bueltatzen. «Gogoa nuen errutina bat izan eta errehabilitazio egokia egiteko. Gorputza ondo ari da erantzuten, eta oso kontentu nago», adierazi du. Taldearen helburuei dagokienez, liga irabaztea izango da erronka nagusia. Europan, berriz, esperientzia bizi, ahalik eta urrunen iritsi eta datorren urtean bigarren txapelketa jokatzea nahiko luke Gorostidik.
Suitzako QHL Ligan jokatzeaz gain, EHF European Cup Europako kluben arteko hirugarren txapelketan ere ariko da Pfadi Winterthur. Suitzan pisua duen taldea da, historikoa, eta, beraz, jauzi kualitatibo handia emango du Gorostidik. 1938an sortu zen Winterthur hirian, eta nabarmentzeko palmaresa dauka: hamar aldiz izan da ligako txapeldun –azkena, 2021ean–, bost aldiz irabazi du Suitzako Kopa, eta hirutan Superkopa. «Gogo handia dut elastiko berria janzteko, eta dena emango dut klubaren alde. Elkarrekin gauza handiak lortu ditzakegu», esan du tolosarrak.
Kuadrillako lagunaren jarraipena
Tolosan bada eskubaloiko beste jokalari profesional bat, zehazki, Gorostidiren laguna, kuadrilla berekoa, gainera. 2024-2025 denboraldian Bartzelonaren bigarren taldean jokatu zuen Bigarren Mailan, eta Tolosara itzuli eta bertan urtebete jokatu ondoren, iazko udan berriro itzuli zen zilarrezko mailako talde batera: Iruñeko Anaitasunara. Denboraldi ona egin du talde nafarrak, eta gertu izan du igoera.
Lehen urtean, bikain aritu da Elola, eta taldeko jokalari nabarmenetako bat izan da. 133 gol sartu ditu jokatu dituen 32 partidatan; taldeko bigarren golegile nagusia izan da eta jokalari garrantzitsuetako bat bilakatu da. Hori dela eta, Iruñeko taldeak tolosarra saritu du, eta bi urte gehiagorako luzatu dio hitzarmena, 2028ko ekainaren 30era arte.
Abuztuaren 28an, Tolosan
Aste batzuk barru, etxean jokatuko du Elolak, horrenbeste aldiz zapaldu duen Tolosako Usabal kiroldegiko kantxan. Izan ere, Anaitasunak eta Irungo Bidasoa taldeak denboraldiaurreko lagunarteko partida jokatuko dute, 19:30etan hasita.
