Kuadrilla bereko bi tolosar, goi mailako eskubaloian

Imanol Garcia Landa 2024ko eka. 20a, 11:58

Haitz Gorostidi eta Iker Elola.

Zilarrezko mailan aurkari izan dira: Haitz Gorostidik Guadalajararekin igoera lortu du Asobal ligara, eta Iker Elolak Bartzelonaren bigarren taldean jokatu du.

Bi tolosar, biak 2001ean jaiotakoak eta kuadrilla berekoak, amaitu berri den denboraldian eskubaloian aritu dira zilarrezko mailan, eta aurkari ere izan dira: Haitz Gorostidi Guadalajaran eta Iker Elola Bartzelonaren bigarren taldean.

«Hemen bizi ginenean, txantxetan esaten genuen ez ginela aguantatzen, elkarrekin egoten ginelako klasean, kuadrillan eta taldean», esan du Gorostidik. «Ni orain hiru urte atera nintzen Tolosatik eta Iker orain bi urte, eta denboraldi honen hasieran elkarren aurka ariko ginela jakin genuenean, bata besteari txantxetan hasi ginen irabazi egingo geniola esanez». Elolak gogoan du elkarren aurka jokatzea tokatu behar zitzaienean hasi zirela partidari buruz hitz egiten: «Hor hasi ginen berriro elkarri esaten batak besteari irabaziko ziola. Gero kuadrillakoak etorri ziren, bai lehenengo partidara Bartzelonan, eta baita bigarrenera ere Guadalajarara, eta oso ondo egon ziren partidak».

Guadalajara igo egin da zilarrezko mailan txapeldun izan ondoren, eta Gorostidik berriro jokatuko du Asobal ligan, lehen mailan. «Ez genuen izan bi taldeen arteko lehiarik ligan zehar, gure arteko partidak izan zirenean soilik», esan du Gorostidik.

Barça B bigarren geratu da, baina ezin izan du igoera fasea jokatu, Asobal ligan lehen taldea jokatzen ari baita. Hori bai, Elolak hasieratik garbi utzi du: «Guk Guadalajararen aurkako bi partidak irabazi genituen, eta ondo irabazita, eta beraien etxean irabazi genien. Gure taldea prestakuntza talde bat da, ez da gure helburua igotzea. Egia esan, beraien aurka irabazi genienean beraien etxean, dagoeneko mailaz igota zeuden, eta beraientzako festa moduko bat bezala izan zen».

Gorostidik gaineratu duenez, «txikitatik izan gara oso lehiakorrak, eta beraien aurkako partida jokatu aurreko astean igoera lortuta geundenez, lasaitasuna zegoen taldean, festa giroa. Iritsi zenean partida, uste dut ni nintzela taldeko bakarra bai ala bai partida irabazi nahi zuena, eta nahiko frustratu nintzen». Gorostidik ez du galtzen aukera Elolari elkarren arteko lehia horren ale bat uzteko: «Beraiek gure kontrako bi partidak irabazi zituzten, baina gu geratu ginen lehenengo ligan».

Berezia izan zen elkarren arteko partidetan kuadrillakoen parte hartzea harmailetatik. «Bi taldeetako golak ospatzen zituzten, eta dibertigarria izan zen hori», esan du Elolak. Guadalajaran jokatutako partidan, Gorostidik gogora ekarri duenez, «Guadalajarako peñaren ondoan jarri ziren, eta festa giroa zegoenez, dagoeneko igoera lortuta zegoelako, peñakoek Ikerren izena ere oihukatu egiten zuten, gure kuadrillakoak bertakoen lagunak egin ziren, eta giro polita sortu zuten».

BAKOITZAREN IBILBIDEA

Biak Tolosa CF Eskubaloian hazitakoak dira. Gorostidik hiru urte bete ditu Guadalajaran eta lehenengo urtean dagoeneko igoera lortu zuten Asobal ligara eta aurreko urtean berriro ere mailaz jaitsi ziren. Denboraldi honetan berriro lortu dute igoera, eta beste urtebetez jarraituko du taldean. «Iker eta biok beti esan izan dugu eskubaloia hobby bezala hartu izan dugula. Ez genuen pentsatzen goiko mailetan arituko ginenik, oso urruti ikusten genuen», esan du Gorostidik. «Aukera etorri zitzaidanean, Guadalajarara joan nintzen nire burua probatzera; uste baino hobeto moldatu nintzen taldera, eta urtebeteren ondoren, igoera lortuta, Tolosa CF Eskubaloian jokatzetik lehen mailan jokatzera pasa nintzen». Pixkana garrantzitsuagoa izaten joan dela esan du: «Aurten garrantzitsua izan naiz, eta berriro ere Asobalen jokatzeko aukera izango dut datorren denboraldian. Nire helburua da aurreko Asobaleko urtean baino garrantzitsuagoa izatea oraingoan».

Elola Tolosatik Zamorara joan zen zilarrezko mailan jokatzera, aurreko denboraldian, eta gero Barça B-ren deia jaso zuen eta bertan aritu da. Tolosa CF Eskubaloian hiru urte senior mailan egin ondoren iritsi zitzaion mailaz igotzeko aukera: «Azken urtea nahiko txukuna atera zitzaion taldeari, eta niri ere bai indibidualki, eta Zamoratik deitu ninduten. Probatzea erabaki nuen, gure ilusioa bazelako beste leku batzuetan jokatu eta ikusteko zer puntutaraino iristeko aukera genuen». Ondoren Bartzelonaren aukera iritsi zitzaion, eta horri ezin zaiola ezezkoa esan gaineratu du: «Europako harrobi onena da, eta hortik pasa diren jokalariak gero mundu mailan aritutakoak dira».

Datorren denboraldian non egongo den ez du erabaki oraindik Elolak: «Aukera ezberdinak ditut eta orain azterketetan nabil, eta eskubaloia tarte honetan alde batera utzi dut. Datorren astean edo hurrengoan erabakiko dut zer egin. Bartzelonan egonik aukera ezberdinak ateratzen dira eta ez da erraza erabaki bat hartzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!