Datorren ostiralean, uztailaren 31n, San Inazio eguna ospatuko da. Tolosan bada izen hori duen sendategi-baserri bat, Uzturre mendiaren magalean. Bada, ospakizun eguna dela eta, kontzertua antolatu dute leku horretan. Kasualitatez, Iñaki izeneko musikari batek egingo du kontzertua; hain justu, Iñaki Labaka kantautore lezoarrak. Musikari gehiagorekin batera ariko da 11:00etan hasiko den emanaldian.
Eremua berreskuratzeko lanean aritu den boluntario taldeak antolatu du emanaldia. Hain zuzen, berreskuratze lan horri bultzada eman zaio azken aldian, eremua txukuntzeko zenbait lan egin baititu Tolosako Udalak, Naturklima Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Duela hamarkada bat, han zegoen pinudia kendu eta landaketak egin zituzten. Orain, basoa berreskuratzen jarraitzeko, landare inbaditzaileak kendu eta bertako espezieak landatzeaz gain, atsedenlekuak egokitu dituzte, herritarrei aterpe klimatikoa eskaintzeko helburuarekin.
Duela gutxi, ekainaren 11n, 160 urte bete zituen sendategi-baserriak, eta kasualitateak kasualitate, efemeridea aprobetxatuta, Iñaki izeneko tolosar batek –Iñaki Salbadorrek–, ikerketa lan bat egin du, eraikinaren memoria berreskuratzeko egiten ari diren lanari ekarpen txiki bat egiteko helburuarekin.