Tolosako Miserikordia Etxeak 1866ko ekainaren 11n amaitu zuen Uzturre mendian zituen lursailetan biriketako gaixoak hartzeko asmoarekin eraikitako San Inazio sendategia, hau da, gaur 160 urte. Herriko mendi ikonikoaren magalean dago; Santa Lutzia auzotik tontorrera bidean abiatuta topatu daiteke, putzu naturalak baino aurrerago.
Herritar askorentzat oso toki kuttuna da. Bertatik igarotzen denak ondo zaindutako gune bat topatzen du, boluntario talde bat eraikinaren memoria berreskuratzeko egiten ari den lanari esker. Zenbaitek, ordea, ez du ezagutzen eraikinaren historia, ez delako ikertua izan. Adibidez, herritar askorentzat Miserikordia zaharra da. Hori, ordea, Arrameleko San Juan ermitaren ondoan zegoen, eta 1774tik 1920 urtera arte egon zen zabalik.
Orain, eraikinaren benetako historia ezagutarazi eta boluntarioen lanari ekarpen txiki bat egin nahian, Joseba Salbador Goikoetxea kazetari eta ikertzaile tolosarrak Uzturreko San Inazio sendategi-baserria 1866-1964 ikerketa lana egin du. Kazetaritza-erreportaje formatuan egina dago ikerketa lana, material grafiko ugarirekin lagunduta. Gainera, 1942 eta 1962 urteen artean San Inazio baserrian bizi izan zen Elduaien-Ugartemendia familiako kideen testigantza ere jasotzen du.
Egileak azaldu duenez, iazko irailean sortu zen ikerketa historikoa egiteko ideia, ondare historikoa berreskuratzeko lan egiten duen Andoaingo Burdina taldeko zenbait kidek eraikinaren hondakinak berreskuratzeko lanak ikustera egindako bisita batean. «Hondakinak erakusten zizkiguten bitartean, etxearen historia apenas ezagutzen zela konturatu ginen, eta berreskuratze lan horiek ikerketa historiko batekin osatzea interesgarria izango litzatekeela pentsatu genuen». Hala, artxiboetan ikertzen hasi ziren. Lehenik, udal artxiboan, han baitago gordeta Miserikordiaren dokumentazio guztia, eta ondoren, Gipuzkoako Artxibo Orokorrean, baita garaiko egunkari eta agirietan ere.
12.020 erreal
Bada, sei hilabeteko ikerketak datu interesgarriak azaleratu ditu. Esaterako, oso testuinguru berezian eraiki zen sendategia, kolera eta beste zenbait gaixotasun infekziosoren hedapenagatik Tolosan zegoen kezka handia zela eta. Izan ere, hamarkada bat lehenago, 1855ean, kolerak 300 hildako baino gehiago eragin zituen herrian, horietatik ehun baino gehiago Miserikordia barruan. Gainera, 1864an trena Tolosara iritsi zen, eta horrek areagotu egin zuen gaixotasunak zabaltzeko beldurra.
Urte horretan bertan eraikitako abereentzako borda bat eta inguruan zeuden Pisuagako iturburuko urak baliatu zituzten erietxea eraikitzeko. Koleraren aurka ahalegin handiak egin zituen Manuel Ezkurdia Arbelaitz mediku tolosarra izan zen sustatzaile nagusia. 12.020 errealeko kostua izan zuen eraikuntzak, eta zati handiena herritarrek emandako diruarekin ordaindu zuten.
Arrameleko egoitza nagusiak zituen 460 oheekin alderatuta, Uzturreko sendategia xumea zen, hogei ohe besterik ez baitzituen. Gainera, ospitale-etxe izateko eraiki bazuten ere, ez zuten gaixoak artatzeko bakarrik erabili. Miserikordiak 24 hektarea lursail zituen inguruetan, baita abelburuak ere, eta haiek zaintzera igotzen ziren langileek ere erabili zuten aterpe hartzeko.
Ia mende osoa egon zen zabalik, baina 1920 urteaz geroztik –Arrameleko Miserikordia Iurreamendira lekualdatu zenetik– uda partean bakarrik erabili zuten, Miserikordiako langileak belar-lanetara joaten zirenean, hain zuzen. Iurreamendiko mojek ere erabili zuten etxea, umeekin egun pasa joateko.
Bere kokapen estrategikoa dela eta, gerra garaietan –Bigarren Karlistaldian zein 36ko gerran– enfrentamendu militarren lekuko izan zen San Inazio eraikina, baina etxeak zutik mantentzea lortu zuen. Arestian esan bezala, hogei urtez, Elduaien-Ugartemendia familia bizi izan zen bertan, eta berriro martxan jarri zuten baserria. 1962an beste etxe batera joan ziren bizitzera, eta handik bi urtera, eraikina hustu eta itxi ondoren, hondamendi egoeran geratu zen.
Lehen kopiak, boluntarioentzat
Duela hamarkada bat, ordea, hondakinak berreskuratzeko lanak hasi ziren auzolandegien bitartez, eta gaur egun, boluntario talde batek lanean jarraitzen du, musu truk, etxearen memoria bizirik mantentzeko helburuarekin. Santi Soler, Migel Angel Bermudez, Iñaki Elduaien –San Inazio etxean bizi izan zen familiako anaia gazteena– eta Nikasio Arana dira talde horretako kideak. Laurek jaso dituzte ikerketa lanaren lehendabiziko kopiak. Tolosarrek udalaren webgunean eskuratu dezakete Salbadorren ikerketa lana, euskaraz eta gaztelaniaz.
Ikerketa historikoak bat egiten du, baita ere, Tolosako Udalak ingurunea hobetzeko egin dituen jarduerekin; horien artean, baso autoktonoa berreskuratzeko lanak eta klima babesleku gisa egokitzeko atsedenlekuak, Pisuaga errekako bainuak barne.