Tolosako Udala Uzturre azpian 25 hektareako lursail baten jabe da, eta Naturklima Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eremua berreskuratu du. Orain arte boluntario talde bati esker txukundu izan dute ingurua, baina orain beste bultzada bat eman diete berrekuratze lanei. Eremua Santa Lutzia auzotik Uzturre mendira bidean dagoen San Inazio miserikordia zaharrean dago, eta bertan dauden miserikordiako horma zaharrak eta putzuak, besteak beste.
Duela hamarkada bat, han zegoen pinudia kendu eta landaketak egin ziren. Basoa berreskuratzen jarraitzeko jarduketa horretan, landare inbaditzaileak kendu eta bertako espezieak landatzeaz gain, atsedenlekuak egokitu dituzte, herritarrei aterpe klimatiko bat eskaintzeko asmoz.
Baso-ekosistema leheneratzeko, lehenengo, erauzi egin dituzte lursail honetan asko zabaldu diren zuhaitz eta zuhaixka espezie exotiko eta inbaditzaileak; batik bat, hauek: sasiarkazia (Robinia pseudoacacia) zuhaitza —350 bat ale— eta budleia (Buddleja davidii) zuhaixka — beste 800 inguru—. Landare horien oin guztiak kendu dituzte eta, horrela, 15.000 metro karratu berreskuratu dituzte.
Gero, hutsuneetan zuhaitz autoktonoen landareak landatu dituzte, ekosistemak berreskuratzen lagundu eta jatorrizko funtzionaltasuna itzultzeko. 1.000 haritz (Quercus robur) landatu dituzte, zehazki, 2,5 hektareako lursailean.
Hain zuzen, Uzturre inguru hori, intereseko habitaterako babesleku klimatiko izendatu du IHOBEk, batik bat haritza nagusi den baso azidofiloarentzat. Horrek esan nahi du hariztiak kontserbatzeko eta hedatzeko ezinbesteko gunea dela.
Atsedenlekuak aterpe klimatiko gisa egokitzea
Bero handiko egunetan, Uzturre azpiko putzuak eta sendategi zaharraren ingurua leku egokiak dira babesleku gisa erabiltzeko, eta herritarrei aterpe klimatiko handiagoa eskaintzeko asmoz, hobekuntza lan gehiago egin dituzte inguru osoan. Esaterako, depositura bidean, 60 zuhaitz inguruko ilara bat landatu dute, uda partean itzala sortzeko. Horretarako aproposak diren espezieak txandakatu dituzte: lizarrak (Fraxinus excelsior) eta astigarrak (Acer campestre).
Miserikordia zaharreko atsedenlekuetako terrazak eta zelaiak ere garbitu eta egokitu egin dituzte. Horrekin batera, zurezko zazpi mahai eta hiru banku jarri dituzte. Horiei itzala emateko, beste 15 pago zuhaitz (Fagus sylvatica) landatu dituzte.
Aitor Agirresarobe Ingurumen zinegotziak balorazio positiboa egin du, eta lanek duten garrantzia azpimarratu du: «Baso naturalen leheneratze ekologikoa garrantzitsua da kaltetutako ekosistemak berreskuratzen laguntzeko eta azpiegitura berdea sendotzeko». Era berean, eskerrak eman dizkie bertan lanean aritzen diren boluntario guztiei: «hein handi batean, egiten duten lanari esker dago eremu hau horren eder. Ohiko bilakatu da mendizaleak eta familiak ikustea inguru honetan atseden hartzen, liburuak irakurtzen, bainatzen... Irudi ederra da. Orain aukera hori indartzeko lan egin dugu. Proiektu hau gauzatzeko ere, boluntario horien laguntza izan dugu, eta eskerrak eman nahi nizkieke».
Bide batez, eremua guztion artean txukun eta zainduta mantentzeko dei egin du udalak.