Topic Tolosako txotxongiloen nazioarteko museoak artisten sorkuntza-egonaldietarako Sceniterium programa berria jarri du martxan aurten, konpainiei, artistei eta kolektiboei lanerako, entzuteko eta laguntzeko espazio bat eskaintzeko, eta aldi berean, sorkuntza garaikidearen, ekoizpen materialaren eta ondare biziaren arteko harremana sendotzeko.
Duela hilabete batzuk zabaldu zuten deialdia, hamaika artista/konpainia aurkeztu ziren eta epaimahaiak lau aukeratu ditu: Maitane Goñi (¿Por qué no? / Zergatik ez?), Zurrunka Teatro (Kiron), En la boca del gato (Penchinela del Segura) eta La semilla voladora (Aromalario Migratorio).
Deialdira aurkeztu diren konpainia gehienak hazten ari dira; gazteak eta askotariko formatu eta jatorrikoak dira. Orain, egoitzen egutegia antolatu behar du Topic-ek, irailean sartuko baita lehen konpainia. Bestalde, 2027ko urtarrilean zabalduko dute hurrengo deialdia, eta hori prestatu behar dute.
Aurkeztutako lanak «proposamenera oso ondo egokituak» direla adierazi du Ainara Martin museoko zuzendariak. «Proposamen eszenikoa eta plastikoa argi eta garbi irudikatuta daude, eta maskaratik, sokatik eta abarretik landuak dira. Halaber, guztiek lantzen dituzte gai sozialak, hala nola zahartzaroko duintasunari aurre egitea eta etxebizitzaren arazoa», adierazi du Martinek.
Sceniterium programaren ideia nagusia ondorengoa da: egonaldia ez da bakarrik espazioak uzteko tarte bat, proiektu artistiko bat ikertzeko, probatzeko, eraikitzeko, partekatzeko eta hazteko esparru bat baizik. «Prozesuak lagundu nahi ditugu, nahitaez azken emaitza itxi bat eskatu gabe, eta balioa eman nahi diogu bilaketari, saiakerari, erroreari eta eraldaketari, sorkuntzaren funtsezko zati gisa», azaldu du Topic-eko zuzendariak.