Egonaldi artistikoen programa berria abiatu du Topic-ek

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 1a

Argentinako Alas Negras konpainiako kideak, 2021ean Tolosan egin zuten sorkuntza-egonaldian. TOPIC

Sceniterium izenburupean, iraila eta abendua bitartean garatuko da, eta helburu du proiektu bat ikertu, probatu, eraiki, partekatu eta hazteko espazio bat eskaintzea.

Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak abian jarri du Sceniterium deialdia: txotxongiloen eta objektuen antzerkiaren esparruan sorkuntza-, ikerketa- eta esperimentazio-prozesuan laguntzera bideratutako egonaldi artistikoen programa. Zentroaren egonaldi-programaren berrirakurketa modura sortu dute, artistei, konpainiei eta kolektiboei lanerako espazio bat eskaintzeko helburuarekin. «Aldi berean, sorkuntza garaikidearen, ekoizpen materialaren eta ondare biziaren arteko harremana indartu nahi da», adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek.

Programak ideia nagusi bat du abiapuntu: egonaldia ez da espazioak uzteko denbora hutsa, proiektu artistiko bat ikertzeko, probatzeko, eraikitzeko, partekatzeko eta hazteko markoa baizik. «Sceniteriumek prozesuak lagundu nahi ditu, nahitaez azken emaitza itxi bat eskatu gabe, eta sorkuntzaren funtsezko atal gisa aintzat hartu nahi ditu bilaketa, entsegua, akatsa eta eraldaketa».

Iraila eta abendua bitartean garatuko da programa, eta txotxongiloen eta objektuen antzerkian, maskaretan, lengoaia bisualetan, arte bizietan, performancean, diziplinarteko sorkuntzan edo horiekin lotutako praktika eszeniko garaikideetan lan egiten duten norbanako edo taldeak aurkeztu zitezkeen deialdira, ekainaren 21a baino lehen.

Hautagaiek bi lan-ildo zituzten aukeran, euren proiektuak kokatzeko. Batetik, Topic.Ondare, lan-ildoa, memoriari, txotxongilogintza tradizionalari, iruditeri kulturalei, jakintza materialari edo ondare eszenikoen eguneratze garaikideari buruzko proiektuei zuzendua. Bestetik, Topic.Lab, ikerketa, esperimentazio, diziplina-gurutzaketa, dramaturgia-berrikuntza eta lengoaia eszeniko berrien esplorazio-proiektuei zuzendua.

Egonaldiak eta laguntzak

Egonaldietarako hiru aukera aurreikusten ditu Sceniterium programak. Batetik, laburra, hiru egunera artekoa; kontrastea, unean uneko laborategia eta hasierako ikerketa biltzen ditu. Bestetik, ertaina, hiru eta bost egun artekoa; sorkuntza-prozesuko fase zehatz baten garapenera bideratuta dago. Azkenik, luzea, bost eta zortzi egun artekoa; baliagarria izan daiteke sorkuntza-, eraikuntza-, dramaturgia-, teknika-, eta manipulazio-prozesuetan sakontzeko.

Norbanako edo konpainiek hautagaitzan justifikatu behar dute eskatutako modalitatea. Topic-ek doikuntzak proposatu diezazkieke egutegian eta iraupenean, espazioen erabilgarritasunaren, proiektuaren beharren eta proposamenak programarekin duen egokitasunaren arabera.

Hautatutako proiektuek zenbait laguntza izango dituzte museoaren eskutik, egonaldi motaren eta eskuragarri dauden baliabideen araberakoak: Lan-espazioen erabilera, laguntza artistikoa, teknikoa eta ekoizpenekoa, pieza materiala sortu, garatu eta ikertzeko aholkularitza, zentroaren ondare-testuingurura, museora, bildumara edo dokumentazio-zentrora sarbidea, prozesuaren zabalkundea komunikazio-kanalen bidez, prozesuaren erakustaldia, solasaldia, ikastaroa edo bitartekaritza-jarduera egiteko aukera, eta Topic-en programazioarekin balizko lotura.

Espazioei dagokionez, 65 metro karratuko azalera duen aurre-muntaketa aretoa eta Euskal Herria plazako eraikinaren hirugarren solairuan dagoen apartamentua utziko dizkie Topic-ek. Azken horrek hiru logela bikoitz, sukaldea eta egongela ditu. Gainera, eskura izango dute oinarrizko argiztapen- eta soinu-ekipoarekin eta publikoarekin entsegu bat egiteko lekua.

Balorazio-irizpideak

Kultura-kudeaketa eta ekoizpeneko, sorkuntza garaikideko, arte eszenikoetako eta proiektu artistikoen bide-laguntzako bost adituk osatutako batzordeak hautatuko ditu proiektuak: Idoya Otegui Topic-eko sortzailea eta zuzendari ohia eta gaur egun RITTOko lehendakaria, Santiago Eraso Artelekuko zuzendari ohia eta Donostia 2016 proiektuko kultura-zuzendaria, Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria, Ainara Martin Topic-eko zuzendaria eta Amaia Iriondo Topic-eko programa eta ekoizpeneko teknikari arduraduna.

Zenbait irizpide izango dituzte kontuan, eta bakoitzagatik puntuazio bat emango diete hautagaiei, guztira, 100 puntura arte. Proiektuaren kalitate artistikoagatik eta koherentziagatik 30 puntura arte eman ditzakete. Lan-ildoetako batera egokitzeko gaitasunagatik, ikerketa eszeniko, material edo bisualaren interesagatik eta bideragarritasun tekniko, denborazko eta ekonomikoagatik, berriz, gehienez 15na puntu.

Bestetik, proposamenaren interes eta egokitasunagatik eta Topic-eko ondarea, museo, publiko edo testuinguruarekin uztartzeko gaitasunagatik, asko jota, hamarna puntu eman ditzakete. Azkenik, gehienez bost puntu eman ditzakete hautagaiaren ibilbide, proiekzio eta berezitasunagatik. Hautagaitzen banakako balorazioaz gain, programaren konfigurazio orokorra ere kontuan hartu dezake batzordeak, lan-ildoen, egonaldi aukeren, ikuspegi artistikoen eta proposamenen aniztasunaren arteko edizio orekatua lortzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!