Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenaren ospakizunen baitan, Euskal Herriko eta euskal diasporako 200 bat gazte elkartu dituen 8 lurralde, ahots anitz, etorkizun bakarra ekitaldia egin dute Tolosan, eta bertan izan da Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Jardunaldiak lehen aldiz elkartu ditu EuskarAbentura espedizioko 150 partaide inguru eta Gaztemunduri Ateak Ireki programa osatzen duten AEBtako, Kanadako, Argentinako, Uruguaiko eta Australiako 50 gazteak.
Lehenik, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak hartu du hitza. «Oso garrantzitsutzat» jo ditu bi ekimenak, eta biek Tolosan bat egitea «oso ederra» dela adierazi du. «Bizitzen ari zareten esperientziak harremanetan oinarritzen dira, eta egiten ari zareten elkarbizitza bizitza osorako gordeko duzuen altxorra da. Gainera, euskara eta Euskal Herriko kultura eta ondarea dira bi ekimenen ardatzak. Tolosarentzat eta tolosarrentzat balio horiek oso gureak dira». Alkateak gaineratu du Tolosan euskaraz bizitzeko «bide egokian» doazela, eta kulturalki «herri aktiboa» dela.
Gaztemunduri Ateak Ireki programako kideek Euskal Komunitate Globalaren erronka nagusiei buruzko zenbait proposamen landu dituzte, lau erronka estrategikori erantzunda. Proposamen horiek Zerkausian aurkeztu dituzte, eta Pradalesi helarazi dizkiote. Lehendakariak ekarpenak entzun eta gazteen hausnarketak partekatu ditu.
Pradalesek gazteei gogorarazi die «erantzukizun handia» dutela: «gure herriaren izen ona, identitatea, nortasuna, hizkuntza eta kultura munduan zehar zabaltzea. Euskal Herria zuek eraikitzen duzue, egunero, eta norbere etxea sentitzen duten euskaldunenganaino iristen da. Beraz, garrantzitsua da, zaudeten lekuan zaudetela, komunitate edo talde izaera sentimendua mantentzea. Ezinbestekoak zarete; zuen historia, memoria eta konpromisorik gabe ezinezkoa litzateke gure herriak bizirautea».
Behin ekitaldia amaituta, Zerkausian bertan bazkaldu dute. Bazkariaren ondoren, Eingo taldeak girotuta, kalejira egin dute Alde Zaharrean. Bi ekimenetako gazteek ederki pasatu dute, eta kantuan eta dantzan aritu dira.
Eskualdeko zazpi kide
Ibilbidearen erdia egin du EuskarAbenturak, eta Tolosan da une honetan gazteen erabileran eragitea helburu duen espedizioa; zortzigarren aldiz ari dira egiten. Zerkausiko ekitaldiaren aurretik, alkateak harrera egin die udaletxean.
Jzioqui dugu lelopean, Euskal Herriko zein diasporako 15 eta 17 urte arteko 130 nerabe –jzioquitarrak– ari dira parte hartzen EuskarAbenturaren aurtengo espedizioan; haiek osatzen dute marea laranja, eta 24 kideko lan taldea dute ondoan, marea urdin txiki bat. Partaide guztien artean, zazpi eskualdekoak dira: Tolosako bost eta Amasa-Villabonako eta Berastegiko bana. Libe Martinez de Rituerto, haren anaia Xabi eta Odei Jauregi tolosarrak proiektuaren koordinatzailea eta espedizioko xerpetako bi dira, hurrenez hurren. Gainerako laurak jzioquitarrak dira: Maren Lasa eta Maren Prados tolosarrak, Mikel Sierra billabonatarra eta Maitane Ugartemendia berastegiarra.