Ez da ohiko EuskarAbentura izaten ari Libe Martinez de Rituerto Zeberiorentzat (Tolosa, 2001). Koordinatzailea denez, kanpoko begiradarekin ari da jarraitzen espedizioa, etapak oinez egin gabe, eta bestelako ardurak ditu. «EuskarAbenturatik euskalgintzaren aldeko proiektuak sostengatzeko deia egin nahi diegu erakunde publikoei», aldarrikatu du.
Nola sortu zen koordinatzaile izateko aukera eta zergatik animatu zinen?
Iazko espediziora arte koordinatzaile izandakoek uztea erabaki ondoren, arduradun berrien bila hasi ziren; tartean, nigana jo zuten. Ni, ordea, gerora zabaldu zuten lan eskaintzara aurkeztu nintzen, eta hautatu egin ninduten. EuskarAbenturaren proiektuan sinesten dut, funtzionatzen duelako eta ezarritako helburuak betetzen dituelako.
Zer suposatzen du koordinatzaile izateak?
Urte osoko lana bada ere, ni aurtengo espedizioa abiatu baino hilabete lehenago sartu nintzen proiektuan, urtebete egon naizelako Hego Amerikan; intentsitate handiko asteak izan ziren. Gauza potoloenak lotuta zeuden, baina azken uneko gauza txikiak lotu behar izan genituen. Bi koordinatzaileok espedizioan parte hartzen dugu, baina furgonetan egiten ditugu bidaiak, eta tarteka, mugikorrarekin eta ordenagailuarekin lanean aritu behar izaten dugu. Espedizioa kanpoko begiradarekin ezagutzen ari naiz, baita beste urteetan ikusten ez nituen xehetasun askoren berri izaten ere.
Ibilbidearen erdia egin duzue. Zer nabarmenduko zenuke lehen bi asteetatik?
Aurtengo parte hartzaileak oso jatorrak eta aktiboak dira, eta duten adinerako, oso helduak; asko laguntzen digute, eta interes handia izaten dute gauza askotarako. Bestetik, nabari da arduradunen taldeko gehienok esperientzia dugula aurreko edizio batzuetan ere parte hartutakoak garelako. Azkenik, beroa ere azpimarratuko nuke.
Beroa nola ari da eragiten aurten?
Neurri berezi bat hartu behar izan dugu zenbait egunetan: goizetan ordubete lehenago jaikitzea. Ordubete gutxiago izaten dugu gauetan, ordubete gehiago goizetan, eta eragina du nekean. Bi etapetan autobusez iritsi behar izan dugu helmugara. Zenbait ekitalditako espazioak aldatu behar izan ditugu; adibidez, leku itxietan aurreikusitakoak parkeetan egin ditugu. Badirudi aurrerantzean eguraldi atseginagoa izango dugula. Atzo, esaterako, gazteek bideari ekin ziotenean, zerua lainotuta zegoen, eta txaloka hasi ziren. [Barreak]
Aurten, lehen aldiz, Sakana gurutzatu du espedizioak.
Oso polita izan da. Kilometro gutxitan egoera soziolinguistikoa asko aldatzen den bailara da, eta oso berezia izan da bertatik bertara ezagutzea. Bestalde, ez gara pasatu Nafarroa hegoaldetik eta Trebiñutik (Araba). Ondorioz, nahi baino egun gutxiago igaro ditugu Araban.
Nola aldatu da EuskarAbentura lehen ediziotik, eta nola aldatu zaizu zuri proiektua bizitzeko modua?
Urtero aldatu zait proiektuarekiko ikuspegia. Urteek aurrera egin ahala, heltzen joan naiz, eta orain ardura handiagoarekin bizi dut. Edizio bat aukeratu beharko banu, lehena hautatuko nuke; urtero oso ondo pasatzen dugu, baina orduan ez genuen ardurarik, ezta erabakirik hartu beharrik ere. Aurtengoa arraroa izaten ari da, ez naizelako etaparik egiten ari, baina gustura nago. Oso lan garrantzitsua egiten dute sherpa-buruek, haiek izaten dutelako nerabeen ardura etapetan. Gure eginkizunen artean daude gurasoekin, udalekin eta babesleekin hitz egitea.
Nola koordinatzen dira 130 nerabe?
24 kidek osatzen dugu lan taldea, eta guztion laguntza ezinbestekoa da. Oso harreman ona dugu gure artean. Jzioquitarrek ere asko laguntzen digute, eta ez dute inolako oztoporik jartzen.
EuskarAbenturak helburu du gazteen euskararen erabileran eragitea. Betetzen al da?
Eremu erdaldunetatik datozenek joera handia dute lehen egunetan gaztelaniaz edo frantsesez hitz egiteko, eta neke handiko uneetan gehiago kostatzen zaie euskaraz aritzea. Hala ere, oro har, helburua betetzen dugu. Hilabete bakarrean aldaketa handia nabaritzen dugu, eta oso polita da hori. Gainera, eremu euskaldunetatik eta arnasguneetatik datozenek gogo handia izaten dute besteei laguntzeko. Guztiak dira beharrezkoak EuskarAbenturan.
Espedizioan urtero izaten da hizkuntza arduradun bat; gazteen hizkuntza erabilera aztertzen du, espedizioa abiatu aurretik, uztailean zehar, amaieran eta handik urtebetera. Datuek erakusten dute EuskarAbenturak eragina duela gazteengan. Argi dago eremu erdaldunetan bizi direnak ez direla bat-batean % 100ean euskaraz biziko, baina espazio euskaldunak sortzen saiatzen dira.
Zer garrantzi du EuskarAbenturak eta zerk bereizten du beste udalekuetatik?
Hiru ezaugarri nabarmenduko nituzke: gazte kopurua, iraupena eta doakotasuna. Iraupenaren kasuan, denek lehen aldiz igarotzen dute hilabete bat etxetik kanpo.
Lehen ediziotik hona areagotu da gazteek EuskarAbenturan parte hartzeko gogoa?
2018an, aurkeztu ginen guztiok parte hartu genuen. Ordutik hona asko handitu da kopurua, eta azken urteetan egonkortu egin da; 300 inguru aurkezten dira. Aurten, Tik-tok sare sozialeko eduki sortzaile euskaldun bat bideoak egiten ari da EuskarAbenturan egon nahi duzunean, eta ezin duzunean izenburuarekin. Pentsa noraino heldu den gazteen gogoa.
Zer ikasi zenuen lehen edizioan eta zer ari zara ikasten aurten?
2018an 16 urte nituen, eta asko ikasi nuen autonomiari eta harremanei buruz, oro har, bizitzari buruz. Parte hartu dudan edizio guztietan ikasi dut harremanei buruz, gorabehera asko izaten direlako partaideen artean, eta horiek kudeatzeko tresnak urtero landu eta fintzen ditugu. Aurten, gauza profesionalagoak ari naiz ikasten, hala nola izapideak eta kudeaketa kontuak.
Zer izan da zailena aurtengo edizioa antolatzerakoan, edo zerk eman du lan handiena?
Hitzaldiak eta ikastaroak egitera etortzen diren adituak askotariko arlotakoak izan daitezen saiatzen gara. Denetik ekarri nahi izaten dugu, eta zaila izaten da erabakiekin asmatzea. Aurten edukien taldea sortu dute, eta horretarako, zenbait sherpa aritu dira lanean urte osoan zehar.
Gaur Tolosara iritsiko zarete. Ilusioa izango duzu, ezta?
Arraroa izango da. Ez dakit nola azaldu. Urtero joaten gara, eta berezia izaten da, ez naizelako herritar modura joaten, EuskarAbenturako kide modura baizik. Espedizioko kideek tolosarrei galdera asko egiten dizkigute herriari eta bertako gauzei buruz. Aldi berean, oso polita da, lagunekin eta herritar ezagunekin egoten garelako. Espedizioko momenturik berezienetako bat izaten dela esango nuke.