Lainoztagailuak Tolosako sei puntutan, tenperatura altuei aurre egiteko

Ataria 2026ko uztailaren 10a

Plaza Berriko lainoztagailua; orain arte plazan jarri izan dute, eta aurten kioskoan.

Beroa iragarri dute astebururako, eta Larramendi eta Amarotz auzoetan, Alde Zaharrean, erdigunean eta Zumardiaundian jarri dituzte, herritarrei egoera eramangarriagoa egiteko.

Tenperatura altuak aurreikusten dituzte astebururako. Larunbatean Kantauri isurialdeko barnealdean tenperatura altuenak 38 gradu ingurukoak izatea aurreikusten dute, eta alerta laranja aktibatuko dute 12:00etatik 20:00etara bitarte.

Egoera eramangarriagoa egiteko, Tolosako Udalak lainoztagailuak jarri ditu herriko sei puntutan: Larramendi auzoko plazan, Plaza Berriko kioskoan, Alondegiko estalpean, Batxiler Zaldibia kaleko pergolan, Zumardiaundian eta Amarotzen. Herritarrek eskura izango dituzte, piztu eta bertan freskatzeko.

Muturreko tenperatura altuen aurrean neurriak hartzea gomendatzen dute adituek. «Datozen egunetan garrantzitsua izango da itzalean egotea, ur asko edatea eta gorputza maiz bustitzea. Neurri horiek bereziki garrantzitsuak dira ume txikientzat, adinekoentzat eta, oro har, egoera zaurgarrian dauden pertsonentzat. Neurri guztiak xehatuta, lotura honetan.  Bestalde, Tolosak baditu babesgune klimatikoak: Zumardiaundia, San Esteban auzoko parkea, Zabalarreta parkea eta Usabal kirolgunea, besteak beste.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!