Alarma gorria aktibatu du Eusko Jaurlaritzak tenperatura altuengatik, 12:00etatik 20:00etara. Bada, beroa ekiditeko hainbat aholku eman dituzte, eta horien artean, babesgune klimatikoak erabiltzeko gogoratu dute.
Tolosako Udalak, esaterako, Zumardiaundia, San Estebango auzo-parkea, Zabalarreta parkea eta Usabal kirolgunea babesgune klimatikoak direla nabarmendu du.
Zizurkilgo Udalak, bere aldetik, liburutegia egun osoan irekita egongo dela esan du, babesleku klimatiko gisa erabiltzeko.
Alegiako Udalak ere beroari aurre egiteko babesleku klimatikoak jarri ditu aste honetarako kultur etxean. 16:30etik 19:30era egongo dira erabilgarri eta bi espazio izango dira. 0-6 urte bitarteko haurrek Guraso Txokoa erabili ahal izango dute eta gainontzeko pertsona zaurgarriek (adinekoek, haurdun daudenek, edoskitze garaian daudenek…) beraientzat egokitutako beste gune bat izango dute. Oraingoz, aste honetan egongo dira erabilgarri eta eguraldiaren bilakaeraren arabera erabakiko dute luzatu edo ez.
Amezketan, Pernando Amezketarra kultur etxeko areto nagusia eta Jubilatuen Txokoa irekita egongo dira beroari aurre egiteko eta atseden hartzeko gune gisa.