Irailaren 17tik 20ra bitartean II. Zerkausiko Bandera jokatuko da Tolosan; estropada honek helburu du elkartegintzaren errekonozimendua eta sarea indartzea eta komunitatea zaintzea. Iaz egin zuten lehen aldiz, eta 50 lagun inguru aritu ziren arraunean, hamar taldetan banatuta; elkarte gastronomikoek ez ezik, bestelako kultur eta kirol eragileek ere parte hartu zuten. Azkenean, Lizardi elkarteak irabazi zuen.
Aurtengo edizioan parte hartzeko izen-emate epea zabalik da, igandera bitarte. Horretarako, Izenematea.eus webguneko galdetegia bete behar da. Parte hartzeko eskakizunen artean daude taldeak mistoak izatea eta arraunean ibilitako edo ezagutza duen partaide bat gutxienez izatea. Gainera, talde bakoitzak 200 euroko fidantza aurreratu beharko du, TAK Oria klubak utzitako materiala erabiltzeko; estropada amaitzean itzuliko zaie dirua. Edozein zalantza izanez gero, udaleko kirol sailarekin harremanetan jarri daitezke parte hartzaileak.