Emakumezkoen Gipuzkoako VI. Itzuliari hasiera emango diote ostiralean Tolosan. Erlojupeko etapa izango da eta herriko kaleetatik pasatuko da ibilbidea. Hain justu, Euskal Herria plaza izango da irteera lekua, eta Rondilla kalea, San Frantzisko etorbidea eta Araba etorbidea zeharkatu ondoren, Bentaundiraino joan eta han buelta emango dute, beste aldera egin eta Trianguloan amaitzeko. Guztira 3,7 kilometro egingo dituzte txirrindulariek, eta lehenengoa 18:00etan aterako da. Kadete, jubenil eta open mailakoek (23 urtez azpikoak eta elitekoak) parte hartuko dute. Ibilbideko kaleak eta errepidea itxita egongo dira trafikorako 17:00etatik 20:00etara.
Probaren hasiera Tolosan izatea «ohore handia» dela esan du Andu Martinez de Rituerto alkateak. «Garrantzitsua da emakumeen kirolari babesa ematea. Emakumeen kirolak erreferentzialtasuna behar du, eta erakundeok ere bertan egon behar dugu babes eta bultzada hori ematen». Herritarrak animatu ditu kalera atera daitezela ostiral arratsaldean: «Ikuskizun zoragarria izango da, eta gozatzeaz gain, txirrindulari guztiak animatu ditzatela».
Xabier Irizar Gipuzkoako Txirrindulari Federazioko lehendakariak parte hartzaile kopurua azpimarratu du: «240tik gora emakumezkok parte hartzeak merezi du esfortzua egitea, eta merezi duela emakumezkoentzat karrerak antolatzea». Bide batez, Tolosa, Deba eta Elgoibarko klubei eta herriei eskertu die laguntza emateagatik.
Tolosako etapa Oriako Txirrindulari Eskolak antolatzen du, eta bertako lehendakari Aitor Aiertzak udalari eskertu dio emandako laguntza. 17:00etan izango da taldeen aurkezpena Trianguloa plazan, eta Aiertzak gonbita egin die herritarrei txirrindulariak animatu ditzaten. Tolosako erlojupekoa Youtubeko Aupa TV kanaletik emango da.
Hiru etapa izango ditu Gipuzkoa Itzuliak. Etziko Tolosakoaz gain, larunbatean Deban hasi eta bukatuko dena, eta igandean Elgoibarren hasi eta bukatuko dena. Gipuzkoako Itzuliaren zuzendari teknikoa da Abraham Olano anoetarra: «Bi etapa nahiko gogor izango dira Debakoa eta Elgoibarkoa. Debako etapan Itziarrera igoko dira, baina sorpresa bat izango dute txirrindulariek. Ibilbidea oso estua, oso hautsia eta hormigoizko zati bat izango dute». Kadeteek bere ibilbidea izango dute, eta jubenilek 23 urtez azpiko eta elite mailakoekin parte hartuko dute. Bestalde, Tolosako erlojupekoak ere balio izango du kadeteen mailako Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketa bezala.
Maitane Telletxea ZU-K Limousin Tolosako nesken taldeko zuzendarietako bat da, eta eskertu du herrian egitea lehen etapa. «Iruditzen zait taldeko txirrindulariek merezi dutela beraien herrian eta errepideetan ikusgarritasun hori izatea. Oso motibatuta daude etxean bertan eta lagunen aurrean ariko direlako». Nabarmendu du oso garrantzitsua dela nesken txirrindularitzari babesa ematea: «Ez bakarrik telebistan ikusten den profesionalena, baita oinarritik egiten dena, etorkizunean ere Gipuzkoako eta Euskal Herriko neska txirrindulariak izateko». Etxeko taldeko kadete mailako bederatzi txirrindulari ariko dira lehian, eta jubenil mailako zazpi. Azken horietako bi, Lide Gurrutxaga tolosarra eta Ane Aranburu beasaindarra, aurkezpenean izan dira. Bestalde, 23 urtez azpiko mailako Maider Olano tolosarra (Massi Baix Ter), Ayala Serrano larrauldarra (Cantabria Deporte - Rio Miera) eta Izaro Etxarri adunarra (Eustrak-Euskadi) open kategorian ariko dira.