Tolosako Udaleko Langileen Batzarreko kideek «haserre» hitz egin dute osoko bilkuran. 2023an udal gobernua aldatu zenetik, egunerokotasunean izaten dituzten zenbait arazok «bere horretan» jarraitzen dutela salatu dute. «Egindako kontsulta eta eskaeren erantzunik ez jasotzea, eta jasotzen denean, epeak onartezinak izatea, zenbait erabaki arbitrarioak izatea, eta langileen eskubideak murrizten dituzten erabakiak hartzea, behar bezala justifikatu gabe».
Arazoen oinarrian «teknikarien lana eta erabakiak» daudela adierazi dute langileek, eta «behin eta berriro» eskatu dutela horiek errotik mozteko beharrezko neurriak hartzeko. Ondorioz, langileen artean gero eta ezinegon eta haserre handiagoa nabari dugu, eta uste dugu, neurri batean, horren ondorio direla dagoen lanpostu huts kopurua eta horiek betetzeko zailtasunak».
Osagarri pertsonala
Batzarrak gogoratu du aurreko udal gobernuak kontratatutako enpresa batek egindako lanpostuen balorazio «lotsagarria» jaso duela gaur egungoak. «Balorazio hark ondorio latzak izan zituen. 200 langiletik gutxienez 80ri soldata jaitsi zieten, eta, hori konpontzeko, Osagarri Pertsonal Iragankorra jarri zitzaien, diru sarrera bera mantentzeko asmoarekin». Osagarriak, ordea, «tranpa» bat zuela esan dute. «Xurgagarria zen; soldata igo arren, igoeraren erdia bakarrik jasotzen zuen langileak. Balorazioaren emaitza negatiboa bat-batean aplikatu ordez, pixkana aplikatu zaie langileei».
Azken urteotan, Osagarri Pertsonal Iragankorra finkoa bilakatzea eskatzen ari dira. «Harrigarria da pertsonal sailak oraindik horretarako denborarik ez izatea». Otsailaren 24an izandako negoziazio mahaian, osagarria finkoa izateko egin beharrekoa hilabeteko epean egitea eskatu zion batzarrak udal gobernuari; Giza Baliabideak saileko arduradunak bi hilabete behar zituela esan zien. «Epe hori onartu genuen, baina igaro da, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Nahikoa da. Langileak dirua galtzen ari gara».
Mahai parekidea
Langileek gaineratu dute balorazio haren «beste triskantza batzuk» konpondu nahian dabiltzala oraindik, eta zenbait gai dituztela mahai parekidean. «Mahaiaren abiadura eta txosten teknikoek izaten duten norabidea onartezinak dira, eta asko kezkatzen gaitu udal gobernuak horren aurrean jarrera irmo bat ez erakusteak. Denbora da teknikariak lanean ari direla, baina ez dugu aldaketarik nabaritu». Ondorioz, gaiak berehalakoan aurkeztu eta lantzeko eskatu diote udal gobernuari.
Jakintzaren transmisioa
Azkenik, belaunaldi arteko jakintzaren transmisioaren gaia aipatu dute. «Udal askotan onartu dituzte azken lan urteetara heltzen ari diren langileek urteetan zehar lortu duten jakintzaren transmisioa gauzatzeko planak. Hemen ere aurkeztu genuen proposamen bat, baina jasotzen dugun erantzuna da gai hori ezin dela negoziatu, Udalhitz prozesuan landuko dela, eta ez dela komeni negoziazio paraleloak egitea. Baina Udalhitz blokeatuta dago, eta ez dugu uste haien zain egotea aukera onena denik, are gehiago, beste udal askotan plangintza hauek onartzen ari direnean». Hori dela eta, plangintzaren negoziazioa martxan jartzea eskatu dute.
Behin betikotasun tasa
Josune Sanz udal gobernuko zinegotziak erantzun die aintzat hartzen dutela haien haserrea eta ezinegona, eta adierazi du 2023an udal gobernura iritsi zirenean, «egoera larria eta kezkagarria» topatu zutela. «2022an lanpostuen balorazioak min handia egin zuen, eta arazo asko ekarri dizkigu».
Besteak beste, langileriaren behin betikotasun tasaren kasua azaldu du. «2023ko abuztuan % 41ekoa zen, oso eskasa, legeak % 92 izatea eskatzen baitu». Esan du dagoeneko
% 62ra igo dela eta aurreikusita eta martxan dauden hautaketa-prozesuekin epe motzean % 73ra iristea espero dutela. «Gure lehentasunetako bat da».
2023an, pertsonal sailaren egoera ere «larria» zela esan du. «Teknikari eta administrari bana ziren bakarrik behin betikoak, eta hiru administrari behin-behinekoak. Hori indartzeko, zenbait neurri hartu ditugu. Gainera, agintaldian zehar, zailtasunak izan ditugu hainbat baja hornitzeko».
Ongizatea eta errendimendua
Bestetik, Sanzek aipatu du udal gobernua bi adierazle nagusitan hasi zela lanean: langileriaren ongizatea eta proiektuen edo zerbitzuen errendimendua eta emaitzak. «Oso garrantzitsuak dira, elkar elikatzen direlako. Udalak ez du errendimendu ona izango langileriaren ongizatea kaskarra bada».
Amaitzeko, adierazi du helburua lortzeko zenbait neurri ezartzen saiatzen ari direla. «Bizpahiru urtetarako plangintza bat egiten ari gara behin betikotasun tasa erretiroaren ondorioz ez jaisteko, lan eskaintza publikoak egin ditugu urtero, hautaketa prozesuak indartzen ari gara eta langileriaren garapen-sistema bat diseinatzeko daukagu».
Hiru urteko herentzia
Biotza Agirre EAJko zinegotziak ere hartu du hitza. «Herentzia badago, bai, baina hiru urte igaro dira eta ez diozue konponbiderik eman. Badirudi guztiaren ardura gurea dela, eta ez zait bidezkoa iruditzen». Horrez gain, Sanzi erantzun dio hark aipatutako 2023tik honako egonkortzea «legez» gertatzen ari dela. «Gobernuan gu egongo bagina ere, gertatuko zen gorakada».
Neurriko zapata
Langileen batzarrarentzat proiektuak, txostenak eta balorazioak ez dira nahikoa. «Oso ondo daude, baina zehar-lerro batzuk besterik ez dira, funtzionamendu orokorra egokiagoa izateko». Egunerokotasuneko arazoak konpontzea eta udalak momentuko erabakiak hartzea nahi dute. «Badakigu askotan arazo hauen oinarria lan teknikoa dela, baina bada garaia lan eta erabaki tekniko horiei behingoz neurriko zapata jartzeko. Hiru urte pasa dira, eta egoerak berdin jarraitzen du. Ardura denona da».
TAO sistema berritua
Udalbatzak behin betiko onartu du lur gainean aparkatzea arautzen duen ordenantza berritua. Helburua da herriko mugikortasunaren antolamendua eguneratzea eta herritarren behar berrietara egokitzea. Gehiengoz onartu dute neurria, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko bozkekin.
EAJk abstentziora jo du. Neurri batean, jeltzaleak «pozik» daudela adierazi du Agirre zinegotziak, «ordenantza lantzerakoan hiru alderdi politikoen elkarlana egon delako eta udal gobernuak gure ekarpenak begi onez ikusi eta onartu dituelako». Eta gaineratu du jeltzaleek lanketa horretan egindako ekarpenak «herriarentzat oso positiboak» direla, besteak beste, errotazioa azkartzeko TAOko sektore guztietan lehen 20 minutuak doan izatea edo bertakoentzako txartela landa-eremuko auzotar guztientzat izatea.
Hala ere, eskaera bat ordenantzan ez txertatzeagatik jo dute abstentziora. Jeltzaleek uste dute pertsona batek jabetzan daukan ibilgailuarentzat plazaren tamaina txikiegia bada, egoiliar txartela eman behar zaiola. «Zenbait herritarri garaje baten jabetza zigortzen die», azaldu du Agirrek.