Joan den ostegunean, apirilaren 30ean, behin betiko onartu zuen Tolosako Udalbatzak lur gainean aparkatzea arautzen duen ordenantza berritua. Helburu nagusia da udalerriko mugikortasunaren antolamendua eguneratzea eta herritarren behar berrietara egokitzea. Arau berriarekin aparkalekuen kudeaketa eraginkorragoa izatea nahi dute, «baliabide mugatu baten banaketa bidezkoagoa sustatuta eta hiri-kalitatea zein irisgarritasuna hobetuta».
Ordenantza eguneratzeko prozesuan, Tolosako Udalak herritarren parte-hartzea bultzatu du, aurretiazko kontsulta publikoaren bidez eta jendaurrean egoteko epean jasotako ekarpenen bidez. Udalbatzak hasierako onarpena eman ondoren, jasotako alegazioak aztertu, eta egokiak izan direnak txertatu dira, arauaren azken bertsioa osatzeko.
Testu berriak aparkaleku motak eta erabilerak zehazten ditu, sektoreka antolatuta (gorria, urdina, berdea, marroia eta konbinazioak), erabilera-denborak eta baldintzak egokituta. Helburua da aparkalekuen txandakatzea bermatzea, trafikoa arintzea eta arreta berezia ematea kolektibo jakin batzuen beharrei —hala nola mugikortasun murriztua duten pertsonenei— .
Hori horrela, errotazioa handitzeko neurriak jasotzen ditu arau berriak: doan aparkatzeko aukera izango da lehen 20 minutuetan, zonalde urdinean, enkargu eta egiteko azkarrak egin ahal izateko. Zonalde marroian, aldiz, 90 minutuz soilik aparkatu ahalko da. Gainera, merkatariek haien txartel propioak izango dituzte jarduera ekonomikoarekin lotutako ibilgailuentzat, eta gremioek tarifa berezi bat izango dute. Azkenik, ordenantzak berariaz jasotzen du txartela gida-baimena duenak soilik eskuratu ahal izango duela, ibilgailu kopuruaz harago.
Behin betiko onartutako ordenantza Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta indarrean jarriko da legez ezarritako epean. Era berean, testu osoa herritarren eskura egongo da udalaren egoitza elektronikoan, gardentasuna eta informaziorako sarbidea bermatzeko.