Xumea bezain hunkigarria. Laburra bezain berezia. Halakoa izan zen atzo iluntzean Tolosako Udal Txistulari Bandak Iñaki Letamendia zuzendari ohiari egindako omenaldia. Entsegu eguna zuten txistulariek, baina egun berezia izaki, kalera atera ziren. Nora, eta Alborada egin ohi duten udaletxe atarira; zertara, eta Letamendiaren omenez hark oso kuttuna zuen Lexearena habanera jotzera.
21:00etan Plaza Zaharrera joan ziren txistulariak, eta egun guztian zehar bertan zintzilik egon zen Letamendiaren irudiaren jo zuten Lexearena. Habanera hori Letamendiaren irakasle izan zen Migel Martinez de Lezeak idatzi zuen, eta Letamendiaren anaia Anderrek jarri zion letra. Beraz, kantu berezia zen Letamendiarentzat. Omenaldiaren unean, plazan bertan ziren osoko bilkura bukatu berria zuten udalbatzako zenbait ordezkari, eta amaieran, haien txalo zaparrada jaso zuten txistulariek.
Ion Garmendia Anfurrutia udal txistulari bandako zuzendari ibartarrak hunkituta hitz egin zuen Atariarentzat: «Mundu guztiak ezagutzen zuen, eta saltsa guztietan zegoen, bai berak sortutakoetan, baita beste batzuek sortutakoetan ere. Beti animatzen zen edozein ekitalditan txistua jotzera».
Garmendiarentzat «oso gertukoa» izan da Letamendia. «Nire maisu izan da, bandakidea, zuzendaria, eta laguna. Momentu asko igaro ditugu elkarrekin, oso onak, hemen eta hemendik kanpo. Barre ugari egin ditugu elkarrekin, eta oso oroitzapen onak ditut. Jende asko ezagutu dugu elkarrekin, eta horren erakusgarri gaur (atzo) telefonoa jo eta jo aritu zaidala; mundu guztia aritu zait deika ea zerbait egiteko asmoa genuen jakiteko».
Ibartarrak bereziki nabarmendu du Letamendiak inauterietako kalejirarako izandako ekimena. «Duela urte asko Ozenki txistulari taldea sortu zuen, orduan ikasle ginenokin. Hasieran, Ostegun Gizenean egiten genuen kalejira, baina ikusi genuen ez zuela funtzionatzen, eta Ostiral Mehera pasatu genuen. Azken urteotan, sekulako indarra hartu du, eta gaur egun 80 lagun elkartzen gara».