Tolosako Lizardi elkarteak zenbait kultur ekitaldi egiten ditu urtean zehar. Bada, biharko, historiari buruzko hitzaldia antolatu du. Kasu honetan, Frankismoan girotutako solasaldia izango da, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Ione Zuloaga historialari azkoitiarrak egingo du. 19.00etan izango da, kultur etxean. Emakumeen aurkako errepresioa Frankismoan izenburua jarri diote, eta garai hartako emakumeek gerran eta kartzeletan bizi izandakoak kontatuko ditu Zuloagak.
Tolosan 1936tik 1978ra bitartean gertatutako giza eskubideen urraketak, errepresioa eta motibazio politikoko beste indarkeria batzuk jasan zituzten emakumeen historia berreskuratzen aritu da Aranzadi, ikerketa historikoaren bidez. Ikerketaren nondik norakoak azalduko ditu Zuloagak. 2024ko azaroan, udaletxeko areto nagusian egin zuen hitzaldia, Bizikidetza Sustatzen zikloaren barruan.
Apirilean ibilaldia
Biharkoa ez da Zuloagak Tolosan aurten egingo duen saio bakarra. Izan ere, Tolosako Jabetze Eskolaren udaberriko egitarauko saio batean parte hartuko du. Hain zuzen, apirilaren 24rako Errepublika, gerra eta erresistentzia frankistako gure emakumeak ibilbidea antolatu dute, eta azkoitiarra izango da gidaria. 18:00etan hasiko da Andragoran, euskaraz izango da eta gutxi gorabehera bi ordu iraungo du.
Tolosan azken urteetan egindako ikerketen emaitzak espazioan kokatzen saiatuko da Zuloaga. Zehazki, emakume eta disidentzia sexu-generikoen berri emango du; hain zuzen, Bigarren Errepublikan protagonismoa izan, eta haren osteko 1936ko gerran eta diktadura frankistan frankisten errepresioa jasan behar izan zutenena, eta Tolosako espazioan haien bizipenak kokatuko ditu.
Ibilbidean parte hartu nahi dutenek martxoaren 13tik 27ra izango dute izena emateko aukera, Tolosakoudala.org/berdintasuna web-orrian edo Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Zalantzaren bat izanez gero, 943 008 967 telefonora deitu behar da. Jardueraren prezioa 1,8 eurokoa da, eta matrikula formalizatzeko, apirilaren 13tik 24ra bitarte egin behar da ordainketa Andragoran, kreditu-txartelarekin. Gehienez 15 laguneko taldea osatuko dute.