1936tik 1978a arte Tolosan giza eskubideen urraketak, errepresioa eta motibazio politikoko beste indarkeria batzuk jasan zituzten emakumeen historia ahanzturatik berreskuratzen hasi da Aranzadi Zientzia Elkartea, ikerketa historikoaren bidez, Tolosako Udalak bultzatuta. Hain justu, herenegun, ikerketaren nondik norakoak azaldu zituen Ione Zuloaga Aranzadiko historialariak Tolosako udaletxean eskaini zuen Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean (1936-1945) hitzaldian.
Gerra eta diktadura frankistako lehen ikerketak, batik bat, bataila handietan eta liderren historiaren kontakizunetan oinarritu zirela azaldu zuen Zuloagak. «Hala eta guztiz ere, zenbait emakumek gerran eta kartzeletan bizi izandakoak jaso zituzten 70eko eta 80ko hamarkadetan, beren bizipenetan oinarritutako liburuak idatziz». Gutxi gora behera duela hamarkada bat hasi ziren frankismo garaian espezializatutako ikerlariak emakumeek 1936 eta 1978 bitartean izandako papera eta jasandakoa ikertzen, metodologia zientifikoaren bidez eta genero ikuspegia aplikatuz.
Aranzadiko historialariek, berriz, Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako artxiboetan aritu dira ikertzen eta bertako informazioa biltzen. Esaterako, Ferroleko artxibo militarrean (Galizia) izan dira eta bertan, 70 emakume tolosarren inguruko gerra kontseiluak bildu dituztela zehaztu du historialariak. Horrez gain, Salamancan (Gaztela eta Leon) dagoen memoria historikoaren dokumentu zentroan edota Madrilen dagoen Administrazioaren Artxibo Orokorrean ere bildu dute informazioa.
Emakumeen errepresioari dagokionez, errepresio sexuatuaren (ile mozketak, bortxaketak...) kasu batzuk jaso dituzte, baita torturak, kartzelaratzeak edota epaiketak ere. Artxibo pribatuetan geratu den dokumentazio biltzeko beharra dagoela kontatu du historialariak, baita idatziz geratu ez dena ere. «Horietan emakumeak parte izan diren herri mugimendu edota langile mugimenduen inguruko informazioa biltzea behar dugu, baita mugimendu feministen, ikastolen mugimenduan edota LGTBI mugimenduen inguruko informazioa ere. Estraperloan aritu ziren emakumeen inguruko pasarteak ere biltzea behar dugu, baita ama ezkongabeen kasuak ere, hauek baitira hein handi batean dokumentazio historikoan gutxien agertzen diren kasuak».
EMAKUME ERREPRESALIATUAK
Ikerketa herriz herri ari dira burutzen. Momentuz, Tolosan, Oiartzunen eta Zegaman dabiltza, eta dagoeneko errepresioa jasan zuten emakume askoren historia berreskuratzea lortu dute. Tolosan, esaterako, Cecilia Garcia Gilarte, Emilia Huarte Rincon, Bienvenida eta Maria Luisa Agirrezabala Esnaola ahizpak eta Gregoria Gonzalez Yanguas dira, besteak beste, horietako protagonistetako batzuk.
Zuloagak azaldu zuenez, «herri txiki eta ez hain industrializatuetan emakume abertzaleak izan ziren gehien bat errepresaliatuak, eta herri industrializatuetan, berriz, emakume anarkista, komunista, errepublikazaleak eta sozialistak». Gainera, militante izandako emakumeen senideak ere errepresaliatzen zituztela jakinarazi zuen, eta beste kasu batzuetan, Bigarren Errepublikako irudia gorpuztu zuten emakumeak izaten ziren; ama ezkongabeak kasu.
«Frankistek errepresioa espazio publikoan gauzatzen zuten eta, beraz, gizarte osoak bazekien nortzuk izan ziren errepresaliatutako emakumeak", gaineratu zuen. Hala, emakume errepresaliatuak gainontzeko emakumeek egin behar ez zutenaren "eredu" bilakatu ziren. Horrez gainera, eliza, hezkuntza, psikiatria eta beste entitate batzuk (Sección Femenina, Acción Católica edo Margaritak) «ezinbestekoak» izan ziren errepresio hori guztia gauzatzeko eta frankistek babesten zuten emakumearen irudia indartzeko: «Ama, emazte ona eta gizonaren menpekoa izango zena».
INFORMAZIOA BILTZEKO DEIA
Frankismo garaian errepresioa jasan zuten emakume tolosar guztiei izen-abizenak jartzeko helburuarekin, herritarren laguntza «ezinbestekoa» dutela esan zuen Zuloagak. «Askotan dokumentazio historikoetan emakumeen errepresio asko eta asko ez zaigu guztiz islatuta geratu, eta horregatik, tolosarren lekukotzak behar ditugu». Hori dela eta, herritarrek aukera izango dute halakoen berri eman edo kontsultaren bat egiteko: izuloaga@aranzadi.eus helbidera idatziz edo 943 46 61 42 deitu eta Ione Zuloaga historialariarengatik galdetuz.