Inauterietarako eraso matxisten aurkako protokoloa eta etxeratze kolektiboak antolatu dituzte Tolosaldeko Itaiatik. Xehetasunak eta zergatiak kontatu dituzte Amaia Simpler eta Leire Etxezarreta kide tolosarrek.
Protokolo propio bat garatu duzue Itaiatik. Zer dela eta?
Amaia Simpler: Inauteriak ez dira bakarrik mozorroak, txarangak, musika, dantza eta gozamena. Zoritxarrez, urtez urte errepikatzen dira erasoak, intimidazioak, jarraipenak eta ukituak.
Leire Etxezarreta: Tamalgarria bada ere, jai giroan areagotu egiten da halakoak gertatzeko joera. Izugarri zabalduta jarraitzen dute festa giroko erasoek eta, gainera, matxismoaren normalizaziorako joera ari gara ikusten.
Simpler: Gizarteak normaltzat hartzen ditu, eta kontrako erantzuna guztiz apalduta dago. Horregatik, ezinbestekoa da jaietan ere eraso ororen aurkako jarrera irmoa erakustea, eta prest egotea horien aurka jarduteko zein salatzeko. Horrekin batera, garrantzitsua da momentuko erantzuna antolatzea espazio seguruak bermatzeko: erasotuari babesa adierazteko eta erasotzaileaz arduratzeko. Bada, protokoloak asmo horri erantzuten dio.
Hainbat eraso mota aipatu dituzue. Guztiak biltzen ditu protokoloak?
Etxezarreta: Protokoloaren bitartez, gertakarien urgentzia eta larritasun maila baloratu —salaketa legala egon edo ez— eta momentuan bertan erantzuten dugu; horrez gain, kaleak hartzeko eta mobilizatzeko asmo garbia ere zehazten du.
Simpler: Ez, ordea, edozein norabidetan. Erasotua laguntzeaz eta babesteaz gain, helburua jendartea mobilizatzea eta gertaera oro salatzea da; eta, horrela, matxismoaren aurka jardungo duen jendarte aktibo bat eraikitzea. Matxismoaren ondorioak kudeatzera mugatu beharrean, matxismoa amaituko duen proiektua sortzeko norabidean egin behar dugu lan.
Nola aktibatzen da?
Simpler: Martxan jartzeko bi aukera daude: batetik, txosnako barran jakinaraztea; eta, bestetik, 602 454 867 zenbakira deitzea. Bi aukerekin unean bertan erantzun eta martxan jarriko da protokoloa.
Zertan ezberdintzen da udalaren protokolotik?
Etxezarreta: Batetik, gaitasun eta borondate militantez antolatutako protokoloa dela; asmoa da, besteak beste, instituzioetatik kanpo matxismoaren aurkako borroka kolektiboa aktibatzea. Inauterietan bakarrik ez, Itaiako kideok urte osoan zehar antolatzen gara, eta hainbat modutan jarduten dugu emakumeon zapalkuntzaren —eta horren adierazpenetako bat den matxismoaren— aurka.
Simpler: Protokoloa diseinatzeaz gain, mobilizazioak antolatzen ditugu, salaketa publikoak egin, formakuntza saioak antolatu... Proiektu iraultzaile baten barruan antolatzen gara, zeinak helburu duen sistema kapitalista iraultzea. Protokoloa erasoak kudeatzeko tresna bat bada ere, ekarpena egiten dio proiektu oso bati: matxismoarekin amaitzeko, zapalkuntzek tokirik izango ez duten gizarte bat eraikitzeko proiektuari dago lotuta.
Aipatutakoaz gain, etxeratze kolektiboak ere antolatu dituzue.
Etxezarreta: Hori da. Etxeratze kolektiboak gauez etxera itzultzeko laguntza eskaintzen duten txandak dira. Ostegun Gizenean, Zaldunitan eta Astelenitan egingo ditugu, eta 02:00etan elkartuko gara Triangulo plazan.
Simpler: Badakigu emakume askorentzat etxera lasai itzultzea zaila izaten dela, batez ere, jai-giroan. Garrantzitsua da honelako uneetan elkar babesteko antolatzea, aipatutako egoerak eta gertakariak saihesteko. Zentzu horretan, etxeratze kolektiboetako txandetan parte hartzeko aukera ere badago, eta inork lagundu nahiko balu, Interneteko esteka batean eman daiteke izena, edo gurekin harremanetan jarrita.
Zergatik aldarrikatzen duzue instituzioetatik kanpo antolatzea?
Etxezarreta: Instituzioek eta alderdi politikoek indarkeria matxista kudeatzeko proposamenak egiten dituzte. Matxismoak, ordea, bere horretan jarraitzen du; eta azken urteetan normalizatzen zein areagotzen ari da. Datuei erreparatu besterik ez dago.
Simpler: Guk indarkeria matxista amaitzea helburu duen proposamena jarri nahi dugu mahai gainean, eta, horrek, nahitaez esan nahi du matxismoak lekurik izango ez duen gizarte bat eraikitzea.
Etxezarreta: Aipatutakoarekin batera, gure erronka antolatzeko eta borrokatzeko hautua zabaltzea da, kaleko desmobilizazioaren aurrean. Eraso ororen aurka kaleak hartuko dituen indar politikoa eraiki nahi dugu. Inauterietan ere aldarri horiek izango ditugu kalean, eta urtero bezala jarri dugu martxan eraso matxisten aurkako protokoloa.