Kaletik orkestrara diskoa aurkeztu berri du Et Incarnatus orkestrak. Tolosako elkarteetako txarangen dozena bat kantu aukeratu eta orkestrako doinuetara moldatu dituzte. Horretarako emanaldi berezia prestatu zuen orkestrak, eta atzo egin zuten Tolosako Leidor aretoan.
Inauterietan murgiltzeko aukera izan zuten atzo aretora gerturatu ziren inauterizale ugari. Besteak beste, San Esteban, Arco Iris, Kasino, Txinparta, Gure txokoa, Sukalde, Itun Txulo eta Ero Etxe elkarteen doinuen moldaketak entzuteko aukera izan zituzten. Migel Zeberio izan zen zuzendari nagusia, baina moldaketak egin zituzten artistek ere parte hartu zuten atzoko emanaldian; besteak beste, Luis Maria Moreno Pirata, Koldo Tarragona, Xabier Zeberio, Iñar Sastre eta Jon Esnaola izan ziren bertan, eta tartean sorpresa ugari ere izan ziren.