elkarrizketa

«Inauterietan zenbat aldiz aritu ote gara txaranga baten bila?»

Aitor Arroyo Askarai 2026ko otsailaren 11

Julen Aranzabal eta Ioritz Alberdi dira aplikazioaren sortzaileetako bi. A. ARROYO ASKARAI

Ioritz Alberdi, Julen Aranzabal eta Aitzol Garmendia (Tolosa, 1991) tolosarrek Txaranga aplikazioa eta web orria garatu dituzte inauterietan txarangen eta konpartsen kokapena denbora errealean jakiteko. 

«Ideia on guztiak bezala, ordu txikitan eta zerbeza pare batekin», horrela otu zitzaien hiru tolosarrei txarangen eta konpartsen kokapena inauterietan denbora errealean jarraitzeko aplikazioaren ideia. Orduan burutazio zena errealitate da gaur egun, Txaranga aplikazioa eta web orrialdea sortu baitituzte aipatutako helburua betetzeko.

Zein da proiektua?

Ioritz Alberdi. Ideia sinplea da: aplikazio bat da denbora errealean jakiteko txaranga bakoitza Tolosan non dagoen. Txaranga edo eragile bakoitzak bere kokapena partekatuko luke aplikazioaren bitartez, eta edozein pertsonak kontsultatu dezake non dauden. 

Julen Aranzabal. Bi erabiltzaile edo publiko mota izango genituzke: batetik, igorlea, txarangako edo konpartsako kideren bat; eta, bestetik, kokapena jakin nahi duen pertsona edo hartzailea.

Alberdi. Txarangekin hasi ginen, baina ideia zabaldu eta jende gehiagok ere esan digu parte hartu nahi duela, adibidez, buruhandien eta erraldoien konpartsak.

Aranzabal. Horiez gain, txistulariek ere esan digute parte hartuko dutela, eta baita akordeoi taldeak ere... Zabaldu nahi izan dugu txaranga ez diren musika taldeetara ere. Adibidez, Piñata Igandean ateratzen diren ikasleek ere parte hartuko dute. Azkenean, hortaz, proiektua ez da txarangetara mugatuko.

Zein pauso jarraitu behar dira erabiltzen hasteko?

Alberdi. Erabiltzaileentzat erraza da. Batetik, txaranga.eus orrialdean sar daitezke, eta hortxe azalduko zaie mapa. Bertan esteka jarri dugu Android gailuek aplikazioa deskargatzeko, eta aplikazioan ere mapa topatuko dute. 

Aranzabal. Musikariek edo igorleek, berriz, bakoitzak erabiltzaile bat izango du —aurretik sortutakoa—; eta, kode bat ere jaso dute guk emanda. Kode horrekin sar daitezke erabiltzailera, eta bertan emisioa programatu. Emititzen ari diren bitartean, mugikorreko kokapena azalduko da mapan. Era honetara prestatu dugu saihesteko edonork edozein kokapen partekatu eta nahas-mahasa sortzea. Erabiltzaileak zehaztuta daude, eta kodeak arreta handiz sortu ditugu, inork ez dezan oharkabean beste norbaiten kodea erabili. 

Alberdi. Hori da, eta koderik gabe ezin da emititu. 

Nola bururatu zitzaizuen?

Aranzabal. Ideia on guztiak bezala: ordu txikitan eta zerbeza pare batekin [barrez, biak]. 

Alberdi. Esango nuke bururatu, Aitzoli bururatu zitzaiola [barrez]. 

Aranzabal. Abiapuntu bat dago. Inauterietan zenbat aldiz aritu ote gara txaranga baten bila? Bati idatzi, besteari galdetu... Guztioi gertatu zaigu, eta behar hori asetzeko asmotik sortu da ideia. Pandemia aurretik hasi ginen hitz egiten, eta atzeratuz joan gara urtero. Joan den azaroan erabaki genuen aurten egiten saiatzea, eta abenduan zein eguberrietan garatu dugu, batik bat. 

Zergatik iruditu zaizue beharrezkoa?

Aranzabal. Jendeak inauterietako une batzuetan jakin nahi izaten duelako non dabiltzan txarangak; eta interesgarria da topatzeko baliabide hori ematea. Jakina, ez dago inor erabiltzera behartuta, baina zalantzak argitzeko baliagarria da, adibidez, zezen plazarako igoeran eta hango jaitsieran. 

Horrez gain, erabilgarria izan daiteke txarangan jotzen duen ezagunen bat ikustera joan nahi baduzu. Eta hortik harago, baliagarria izan daiteke txarangentzat ere, esate baterako, elkarrekin nahigabe topo egitea saihesteko; edo, kontrara, bata bestearekin elkartzeko eta batera jotzeko. Gauza horiek politak dira, eta horretarako ere balio dezake. 

Eta gauza bera erraldoien eta buruhandien konpartsarekin ere. Kanpotik etortzen diren familientzat oso baliagarria izan daiteke horiek zehazki non dabiltzan jakiteko. 

Nola egin duzue lan hau garatzeko?

Alberdi. Zailena izan da proiektua mugatzea. Minimoa zein den adostu eta definitu dugu lehenik. Hortik aurrera, Aitzol eta biok informatikariak gara, eta probak eginez findu dugu. Lanorduetatik kanpo eskaini diogu denbora, eta ahal dugun heinean bukatu dugu. 

Zailtasunik topatu al duzue?

Alberdi. Denbora izan da zailtasun handiena. Azkar garatu nahi izan dugu, eta gauza batzuk denbora eskatzen dute: domeinua martxan jartzea, aplikazioa argitaratzea...

Aranzabal. Bi fase bezala daude: batetik, aplikazioaren garapena; eta, bestetik, jendearengan edo musikarien artean zabaltzea. Orokorrean harrera oso ona izan du musikarien aldetik. 

Eta jendeak, oro har, nola hartu du?

Aranzabal. Orokorrean ondo. Borondate propioz eta mimoz egin dugu, bueltan ezer jasotzeko asmorik gabe; eta nik uste hori jendeak ondo hartzen duela. Bestalde, ez dugu izan inongo diru laguntzarik edo, ez gaitu inork finantzatu. Horrek dakarrena da nahi dugulako egin dugula, besterik gabe, eta nahi duenak erabiltzeko, hor dagoela eskuragarri.

Jende multzo handiak biltzen direnean arazoak sortu ohi dira estaldurarekin. Aplikazioari eragingo lioke?

Alberdi. Askotan gertatzen dira estaldura arazoak. Aplikazioa programatu dugu denbora batez mantendu dezan jasotako azken seinalea; horrela, denbora batez galdu baduzu azken kokapen hori geratuko da ikusgai, tarte batez.

Ideia bat ere badugu horrekin: semaforo moduko bat prestatzea. Igorle bakoitza borobil batean agertzen da mapan, eta borobil horrek kolore bat izango du seinalearen indarraren arabera. Berdea izango da emisioa ondo ari bada jasotzen, denbora pasa ahala emisioa ahultzen bada horia jarriko da, eta, azkenik, gorria. Gorriak adieraziko luke seinalea galdu dela, eta igorlea hor egon dela, baina litekeena dela jada ez egotea.

Aranzabal. Beti esaten dugu beta bat dela, probatzen ari garela. 

Alberdi. Bai, bai. Eta norbaitek emititu nahiko balu, edo zerbait proposatu, edo akatsen bat identifikatu... Jar daitezela gurekin harremaneran, asko eskertuko ditugu ekarpen guztiak. Gurekin harremanetan jartzeko info@txaranga.eus helbidea jarri dugu eskura. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!