Tolosako haurrak pirataz mozorrotzera deitu ditu Aiz-Orratz elkarteak

Ataria 2026ko otsailaren 6a

Bihar egingo dute urteroko Haur Jaialdia 12:00etan Leidor aretoan, eta pirataz mozorrotuta joaten direnen artean opariak zozketatuko dituzte. Kalejira 11:45ean hasiko da Aiz-Orratz elkartetik.

Tolosako inauteriak datorren ostegunean hasiko dira, eta herritarrek hiru egun beranduago jantziko dituzte lehen mozorroak soinean. Baina, inauteriak hasi aurretik, herriko haurrak izango dira protagonista biharko Haur Jaialdian, eta hauei mozorrotzeko gonbita luzatu die Aiz-Orratz elkarteak.

Aiz Orratz elkarteak beste urte batez antolatu du. 12:30ean hasiko da, eta aurten ere, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek, Joseba Usabiaga aktoreak, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak eta Aiz Orratz elkarteko txarangak parte hartuko dute. Aurrez, kalejira egingo dute Aiz-Orratz elkartetik abiatuta; 11:45ean hasiko da.

Urtero, gai bat izaten du jaialdiak, eta biharkoan piratak izango da. Hortaz, elkarteko kideek pirataz mozorrotuta joateko eskatu die Tolosako haurrei. Pirataz mozorrotuta joaten diren haur guztien artean opariak zozketatuko dituzte, hala nola, Gozona gozotegiko gosariak, Cid dendako erlojuak, Gure Zirkua ikuskizunerako sarrerak eta Ostegun Gizeneko zezen-festarako palkorako sarrerak. Marrazki lehiaketako sariak ere banatuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!