Zenbait trafiko aldaketa, bihar Tolosan

Ataria 2026ko otsailaren 6a

Iazko Tolosako Haur Jaialdiko kalejiraren irudia. I. G. L.

Goizean bi orduz Rondilla kalea moztuko dute, eta autobusek Santa Klara kalean egingo dute geldialdia; Euskal Herria plazako azokako postuak San Frantzisko pasealekuan jarriko dituzte.

Bihar izango da kalderero eguna Tolosan, eta egunean zehar egingo diren zenbait ekitaldik eragina izango dute trafikoan, batez ere goizean. Hori dela eta, ohar batzuk helarazi ditu Udaltzaingoak.

10:30ean, puntualki moztuko dute San Frantzisko pasealekua. Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren kalejira hasiko da ordu horretan, eta une batez trafikoa eten egingo dute, San Frantzisko eliza paretik Gernikako Arbola lorategietara; Rondilla kaleko, Zumalakarregi pasealekuko eta Soldadu kaleko trafikoan izango du eragina. Kalejirak aurrera egin ahala, berriro zabalduko dituzte. Gainera, Rondilla kalea itxita egongo da, 10:30etik 12:30era. Bitarte horretan, erraldoiez eta buruhandiez gain, Aiz-Orratz elkarteko txarangak ere kalejira egingo du, Leidorren izango den Haur Jaialdiaren aurretik. Kalejira amaitzean berriro zabalduko dute kalea.

Mozketak eragina izango du autobus geltokietan. Bitarte horretan, autobusak ez dira Rondilla kaletik sartuko; ondorioz, ez dira geratuko musika eskolako eta San Frantzisko elizako geltokietan. Horien ordez, Santa Klara kalean egingo du geldialdia. Hiribusa, berriz, Santa Klara kaletik Kondeaneko aldapan barrena joango da, eta ondoren geldialdi hauek egingo dituu: Martin Jose Iraola-Paper kalea-Iurreko biribilgunea. Hortik aurrera, ohiko ibilbidea egingo du. Ondorioz, 10:30etik 12:30era, Geltoki kaleko eta Araba etorbideko geltokietan ere ez da geratuko. 12:30etik aurrera ohiko ibilbidea egingo du.

Azokan ere eragina izango du kalejirak. Euskal Herria plazako postuak San Frantzisko pasealekuan jarriko dituzte, bai larunbat honetan, baita Zaldunita bezperan ere. Hori dela eta, herritarrek ezingo dute aparkatu San Frantzisko pasealekuko lehen erdian, Gernikako Arbola lorategietako bidegurutzera arte.

Aparkalekuei lotuta, beste ohar bat eman du Udaltzaingoak. Datorren astelehenean (otsailak 9), 15:00etatik aurrera, Geltoki kalean eta Geltoki plazan ezingo da aparkatu, barrakak jartzeko. San Esteban auzoko aparkalekuetako baten erdia ere autoz hustu beharko dute herritarrek, hain justu, Ferialekuaren segidan dagoenarena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!