Txarangen eta konpartsen kokapena denbora errealean

Ataria 2026ko otsailaren 6a

Txaranga.eus web orrialdea, asteon, proba saio batean. A. ARROYO ASKARAI

Bihar erabiliko dute estreinakoz Tolosako txarangak eta konpartsak denbora errealean non dauden jakiteko aplikazioa: Txaranga. Aiz-Orratz elkarteko txarangaren eta erraldoien zein buruhandien konpartsaren kalejira erakutsiko du aplikazioak zuzenean.

Hiru tolosarrek Txaranga aplikazioa sortu dute Tolosako inauterietan txarangen eta konpartsen kokapena denbora errealean jarraitzeko. Aplikazioa dagoeneko eskuragarri dago Android gailuetarako eta, bestela, txaranga.eus web orrialdean ere kontsultatu daiteke Tolosako mapa denbora errealean.

Txaranga edo konpartsa bakoitza emititzen hasten denean Tolosako mapan borobil batekin seinalatuta azalduko da, eta erabiltzaileek denbora errealean jarraitu ahal izango dute non dagoen igorle bakoitza.

Estreinaldia, larunbatean

Probak egin eta aplikazioa prest badute ere, bihar goizean erabiliko dute lehen aldiz erraldoien eta buruhandien konpartsak eta Aiz-Orratz elkarteko txarangak. Biak ala biak Rondilla kaleko elkartetik 12:00etan abiatu eta Leidor antzokira joango dira kalejiran. Bada, emisioak iraun bitartean aplikazioak denbora errealean erakutsiko du kokapen zehatza.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!