Inauteriak 2026

2026ko inauterietako balkoi lehiaketa, abian

Ataria 2026ko otsailaren 4a

Balkoiek Ostegun Gizen goizerako egon beharko dute apainduta, eta hautagaitzak formulario bidez aurkeztu ahal izango dira. 

Inauterien atarian, balkoiak apaintzeko lehiaketa martxan jarri dute beste urte batez Tolosako Udalak eta Tolosa&Co merkatarien elkarteak. Bi hamarkada baino gehiagoko tradizioari jarraipena ematea da egitasmoaren helburua, Inauterietan herriko kaleak kolorez eta giroz betez. Lehiaketan parte hartzeko, interesdunek norbere balkoia edo gustuko duten beste edozein balkoi aurkeztu ahal izango dute hautagaitza gisa. Horretarako, izen-ematea formulario baten bidez egin beharko da. Sistema honen bidez, epaimahaiak proposatutako balkoi guztiak ikusi eta kontuan hartzea bermatu nahi dute antolatzaileek. Otsailak 11 da izena emateko azken eguna.

Aurreko urtean lehenengoz martxan jarri zen parte hartzeko modu berritu honen helburua bikoitza da: batetik, herritar guztien parte-hartzea erraztea; eta bestetik, izena eman ez duten arren bereziki deigarriak diren balkoiek ere saria irabazteko aukera izatea. Balkoiek Ostegun Gizen goizerako egon beharko dute apainduta, eta irabazleak 300 euroko saria jasoko du, Tolosa&Co-ko dendetan erabiltzeko. 

Epaimahaia dekorazioan eta espazioen diseinuan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta Ostegun Gizenean bertan Tolosako kaleak zeharkatuko dituzte balkoi original, koloretsu eta erakargarriena aukeratzeko. Irabazlea egun berean jakinaraziko da Tolosa Turismoa eta Tolosa&Co-ren sare sozialen bidez. 

Herritarrak oihalak eta apaingarriak Tolosako dendetan erostera animatu nahi dituzte antolatzaileek, komertzio txikia babestuz eta bertako saltzaileak ere ohitura honen parte hartzaile eginez. Gogoko zerbitzuaren bidez ere eros daiteke behar den oro, whatsapp bat 688 750 783 zenbakira bidaliz. 

Hamarkadatako tradizioa 

Inauterietan balkoiak apaintzeko ohitura duela 20 urte baino gehiago sortu zen Tolosan, eta ordutik urtez urte sendotzen joan da. Hasieran alde zaharreko kale gutxi batzuetan abiatu zen ekimena, baina pixkanaka herri osora zabaldu zen, balkoi, terraza eta leihoak oihal koloretsuz betez. Azken urteotan parte-hartzea apaldu bada ere, ekimen hau berriz indartzea eta Tolosari inauterietan berezko duen kolorea itzultzea da antolatzaileen asmoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!