Jakina da Antxon Elosegui tolosarra, Antxon Maderas ezizenez ere ezaguna, inauterien eta zezenen zale amorratua zela. Bada, Elosegui kide zen Kabila elkarteak, hura gogoratzeko, Antxon Maderas Saria banatu zuen iazko Tolosako inauterietako Pattar zezenean. Estreinakoz egin zuten lehiaketa, eta aurten bigarren aldiz egingo dute.
Elkarteak azaldu du zenbait helburu dituela sariketak, Elosegui bera gogoratzeaz gain. «Batetik, Tolosako inauterietako Pattar zezenak historikoki izan duen espirituari eustea, gau luze baten ondoren aurrez aurre jartzen direnen kemenarekin. Bestetik, bigantxen aurrean jartzeko ausardia eta haiei iskin egiteko gaitasun handiena duen inauterizalea saritzea».
Otsailaren 17an izango da Pattar zezena. Iaz, izkingile onena saritu zuten, eta aurten ere sarituko dute; Animatu izena jarri diote sari horri.«Festako izkingile onen izango da, ikuskizun osoan zehar trebezia eta errespetuzko jarrerarekin plaza animatzen duena». Epaimahaiak kontuan izango du izkingileen teknika zein ausardia, eta errekorte bakoitzaren exekuzioa. Irabazleak 200 euro jasoko ditu eskudirutan, inauterien ondoren Kabila elkartean egingo duten sari banaketa ekitaldian.
Aurten bigarren sari bat ere egongo da: Ausartu saria. Sei bigantxetako bati hark adarrean eramango duen lazo zuri-berdea kentzea lortzen duena sarituko dute, iberikoen sorta batekin. «Animalien maila berean, hau da, hondarrean bertan egonda kendu beharko zaio lazoa; ez da onartuko barreratik edo tarimatik kentzea», esan du epaimahaiak. Irabazleari plazan bertan emango diote saria, hurrengo bigantxa atera baino lehen.