Euskara gehiago inauterietan, egunerokoan baino

Ataria 2026ko otsailaren 12a

Iazko inauterietan Astelenitan neurtu zituzten elkarrizketa gehien euskaraz. J. MIRANDA

Iazko inauterietan hizkuntzen erabilera neurtu zuen, lehen aldiz, Tolosako Udalak. Egindako neurketen arabera, bataz beste, euskaraz egin zuten hamarretik ia zazpi herritarrek. Ostegun Gizenetik Asteartitara egunero neurtu zituzten elkarrizketak, Zaldunita bezperan izan ezik.

Iazko inauterietan gehienek euskaraz egin zuten hitz. Tolosako Udalak inauterietako hizkuntzen erabilera neurtu zuen, lehen aldiz, joan den urtean, eta jasotako elkarrizketen % 67 sumatu zituzten euskaraz, % 32 gazteleraz, eta % 1 beste hizkuntza batzuetan. Azterketa horren arabera euskaraz gehien haurrek egiten dute (% 83) eta gutxien, berriz, adinekoek (% 41).

Ostegun Gizenetik Asteartirara egunero neurtu zuten hizkuntzen erabilera, Zaldunita bezperan izan ezik. Hori horrela, orotara 11 orduz aztertu zuten egoera, jende «bolumen handieneko» eremuetan. Guztira, 4.940 elkarrizketa eta 9.725 solaskide behatu zituzten. Lagin horrekin ±1,4 puntuko akats-tartea du ikerketak, eta % 95eko konfiantza maila.

Egunero baino gehiago
Tolosan urtean zehar egindako neurketetan jasotako emaitzen aldean, gehiago entzuten da euskaraz inauterietan: 2024ko datuen arabera, egunerokoan % 50ak erabiltzen du euskara; inauterietan baino 17 puntu gutxiagok. Udalak kanpotik bertaratutakoen eraginari egotzi dio aldaketa: «Nabarmena da bisitariek eragina dutela kaleko erabileran, kasu honetan, euskararen alde».

Eta hari berari tiraka zehaztu dute inauterietan jasotako solaskide gehienen profila: «Kalean behatutako herritarren erdiak 25 urte baino gutxiagokoak dira; horrek badu eragina, adin talde horiek egiten baitute euskaraz gehien». Dena dela, gaineratu dute «adin talde guztietan» handitu dela euskararen erabilera inauterietan.

Gutxien, nagusienek
Inauterietako kale-neurketan ohiko joera topatu dute: zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago erabiltzen da euskara. Bost tartetan sailkatu dituzte herritarrak: haurrak, gazteak, heldu gazteak, heldu nagusiak eta adinekoak. Euskara gehien haurrek erabiltzen dute (% 82,7), eta adinean aurrera egin ahala jaitsi egiten da erabilera, hurrenez hurren, % 71, % 67, % 46 eta % 41.

Tolosako Udalak adierazi du gazteenek gehiago egitea «urteroko neurketetan» gertatzen dela, bai Tolosan, bai Euskal Herrian. Eta haurren presentziak ere eragiten duela gehitu dute: «Adin-taldeen arteko harremanak aztertuta, nabarmena da haurren presentziak nola eragiten duen. Umeak tarteko direnean % 85ekoa da euskararen erabilera; eta umeak ez daudenean, % 60koa».

Generoari dagokionez, berriz, antzeko ohiturak behatu dituzte bataz beste: emakumeengan % 68ko erabilera neurtu dute, eta % 66koa, berriz, gizonengan. «Adin talde guztietan errepikatu da joera hori, eta alderik handiena 15 eta 45 urtekoen artean dago, zazpi puntukoa».

Astelenita, euskaldunena
Ostegun Gizenetik Asteartitara egunero neurtu dute hizkuntzen erabilera, Zaldunita bezperan izan ezik. Behaketa horren arabera euskaraz gehien egiten den egunak dira, hurrenez hurren, Astelenita (% 71), Ostegun Gizena (% 70) eta Asteartita (% 66); eta, kontrara, Ostiral Mehean (% 62) eta Zaldunitan (% 64) jaso dute gutxien.

Tolosako Udalak aipatu du kontuan hartu behar dela egun batetik bestera zein aldaketa dauden laginean eta jardueretan: «Adibidez, asteleheneko erabilera handiagoa lotuta egon daiteke egun horretan ardatz izaten diren jarduerekin, non haurren presentzia handiagoa den».

Erabilera neurtzeko «ohiko sistema» erabili dutela azaldu dute udaletik: kalean ibili dira behatzaileak, aurrez zehaztutako ordutegietan zein lekuetan, eta, solasaldiak entzun ahala, aplikazio batean jaso dituzte zein hizkuntzatan entzun dituzten, eta hiztunen adin-taldea eta sexua. «Gogoan izatekoa da Tolosan urtero egiten dela era horretako neurketa bat, 1985. urteaz geroztik, eta metodologia bera erabiltzen dela. Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak egiten du urteroko neurketa Tolosako kaleetan, eta inauterietako neurketaren landa-lana ere elkarte horrek egin du».

 

4.940

solasaldi behatuta

Guztira, 4.940 elkarrizketa eta 9.725 solaskide behatu zituzten iazko inauterietan.

Neurketa. Ostegun Gizenetik Asteartirara neurtu zuten hizkuntzen erabilera, Zaldunita bezperan izan ezik. Hori horrela, orotara 11 orduz aztertu zuten egoera, jende «bolumen handieneko» eremuetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!