Inauteriak 2026

Bihar 16:00etatik aurrera erosi ahalko dira zezen-plazara sartzeko sarrerak

Ataria 2026ko otsailaren 4a

Larunbatera bitarte herriko 49 saltokitakoren batean 15 eurotik gorako erosketa egiten dutenen artean sarrerak zozkatuko dituzte.

Inauterietan zezen-plazara sartzeko sarrerak bihar jarriko dira salgai, 16:00etatik aurrera. Urtero bezala, sarrera gehienak internet bidez salduko dira, Bibe.me webgunean. Eskaria eskaintza baino askoz ere handiagoa denez, eta une berean jende asko egoten denez konektatuta, itxaron gela birtuala jarriko dute. Erosketa egin ondoren, eta ordainketa ondo gauzatu dela konprobatuta, posta elektronikoan jasoko dira sarrerak. 

Inauterietako egunetako bakoitzean ere, sarrera batzuk salduko dituzte zezen-plazako leihatilan, egun horri dagozkionak bakarrik —Ostegun Gizena, Ostiral Mehea, Zaldunita, Astelenita eta Asteartita—. Egun horietan, 10:30ean zabalduko dute leihatila, sarrerak agortu arte. 

Pertsonako gehienez 5 sarrera erosi ahal izango dira egun bakoitzeko. Harmailetako sarreren salneurria 3 eurokoa (+ komisioa) da, Ostiral Mehe egunekoena izan ezik. Egun horretakoak doakoak izango dira, urtero moduan, nahiz eta sarrerak internet bidez eskuratu beharko diren. Palkoak osorik erosi beharko dira (17 lagun), 65 euroko prezioan (+ komisioa). Palkoak erosten dituztenei, sarrerak nola jaso behar dituzten azalduko zaie, email bidez. 

Sarreren zozketa herriko saltokietan

Iaz egin bezala, egun bakoitzeko ikuskizunetarako sarrera batzuk zozketa bidez esleituko dira, Tolosa&Co merkatarien elkartearekin elkarlanean. 49 saltokik eman dute izena eta horietakoren batean otsailaren 3tik 7ra bitarte 15 eurotik gorako erosketa egiten dutenek parte hartu ahal izango dute zozketan: erosketa egitean txartel bana jasoko dute.

Zozketa hilaren 9an egingo dute: egun bakoitzeko lau irabazle izango dira, eta bakoitzak launa sarrera jasoko ditu. Irabazleei telefono bidez jakinaraziko zaie emaitza, eta Tolosa&Co-ko sare sozialetan ere argitaratuko da irabazleen zerrenda.

Txarangekin sartzeko gonbidapenak

Txarangekin saltoka sartzeko gonbidapenen zozketa egin dute jada, eta aurki bidaliko zaie parte hartzaileei emaitza, posta elektroniko bidez. Egun bakoitzeko 300 gonbidapen banatuko dituzte.

Gonbidapena jasotzera joandakoan emango zaizkie zezen-plazara sartzeko jarraibideak onuradunei. Horiek txarangekin batera sartu ahal izango dute plazara, baina saltoka buelta eman ondoren, atera egin beharko dute, ezingo da barruan geratu. Arau hori errespetatzea eskatzen du udalak, ikuskizuna bertan behera uzteko arriskuan egon ez dadin. 

Gonbidapena egokitu edo erositako sarrera eskuratu, baina gero aprobetxatuko ez denik balego, beste edonori uzteko dei egiten du udalak, ahalik eta herritar gehien izan daitezen aukera hori izango dutenak. 

Zezenetan parte hartu nahi dutenentzako ate-irekiera 

Plazako hondargunean zezenen aurrean egon nahi dutenek ordutegi zehatza izango dute sartzeko: gehienez, eta aforoaren neurriak kontuan hartuta, 300 pertsona. Ostegun Gizenean, Ostiral Mehean, Astelenitan eta Asteartitan, 15:30etik 16:00etara zabalduko dira ateak, Zalditegiaren aldetik. Igandean, berriz, 15:00etatik 15:30era, jende gehiago izaten baita. 

Banan-banan egingo da sarrera eta behin kopurua gaindituta, ez zaio beste inori sartzen utziko. Neurriaren helburua da txarangak iristen direnerako pilaketak ekiditea, edo murriztea, ordutik aurrera soilik musikariek edota atzetik saltoka sartzeko gonbidapena dutenek soilik sartu ahal izango dutelako. Ez da aterik zabalduko muga gaindituta. 

16 urtetik gorakoek bakarrik izango dute hondargunera sartzeko aukera, hala jasotzen baitu Joko eta Ikuskizunen Legeak. Ateak irekitakoan, NANak egiaztatuko dituzte, hortaz, agiriak eskura izatea eskatu dute. Alkoholaren edo bestelako sustantzien eraginpean daudenei, berriz, ez zaie sartzeko baimenik emango. 

Urtero bezala, segurtasun perimetroa jarriko dute zezen-plazaren kanpoaldean sortzen diren pilaketak ekiditeko. Oria kaleak eta Gudari kaleak bat egiten duten puntuan itxiko da sarbidea, eta soilik txarangek, gonbidapena dutenek edo harmailaren zati horietan sarrera dutenek pasa ahal izango dute. 

Zezen-plazan eta inguruan seinalizazioa hobetzeko lanak egingo dituzte inauterietan, herritarren joan-etorria ahalik eta gehien errazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!