ERREPORTAJEA

Ostegun Gizena 00:00etatik delako

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko otsailaren 7a

2023ko artxiboko irudia. J.A.D.
Tolosako Vista Alegre txarangak hiru hamarkada baino gehiago daramatza Ostegun Gizen gauerdian herria alaitzen; jendetza biltzen da Trianguloa plazan, inauteriei hasiera ez-ofiziala emateko.

Vista Alegre txarangaren sortzaileek ere ez daukate oso garbi aurten txarangak zenbat urte egingo dituen, eta nahiago dute ez jakitea. «36 edo 37?» Javi Arrizibita txarangako kidea ia ziur da 1989ko inauterietan atera zirela kalera lehen aldiz. «Urte hartan, argazki kamerarik gabe atera ginen, eta handik urtebetera egin genituen txarangako lehen argazkiak, kamera zahar batekin».

Javi Arrizibita eta Alvaro Atorrasagasti, joan den astean Batasuna nelkartean, blusa moreak jantzita. J.A.D.

Txaranga, ordea, inauteriak baino lehen sortu zuen Laskorain ikastolako ikasle multzo batek, Iñaki Zubillagaren ekimenez. Gelaz gela ibili ziren musikari bila, baita ikastolatik kanpo ere, besteak beste, musika eskolan. Alvaro Atorrasagastik gogoan du urte bateko ekainean, ikastolaren jaian jo zutela, Xabi Aiertza irakasleari egindako omenaldian. «Ez dakit ze urtetan izango zen, agian, 1988an edo. Hala ere, xarma dauka ez jakiteak. Hori izaten da, urtero, gure afarietako hizketagaia».

Sorrera urteaz ondo oroitzen ez badira ere, izenaren jatorria argi asko daukate. Arrizibitak argitu du Herri Urrats festaren edizio batean jarri ziotela Vista Alegre izena: «Jaialdira joateko autobusa antolatuta zegoela jakin genuenean, ez genuen bi aldiz pentsatu. Dozena bat lagun elkartu ginen, eta gutako batek ideia zoragarria izan zuen: aurpegirako margoak erostea. Sekulako narraskeria egin genuen, eta kolore guztietako aurpegiak genituen. Halako batean, gure itxura ikustean, norbaitek esan zuen izen hori jarri behar geniola txarangari».

Elkartean hasi, tabernetan jarraitu

1989ko Ostegun Gizen bezperan elkartu ziren lehen aldiz txarangako kideak inauterietan. Handik bi urtera, jakin zuten Ortzadar elkarteko bazkideek 00:00etan suziria lehertzen zutela. «Haiek elkartera gonbidatu gintuzten. 00:00etan Batasuna elkartean hasi ginen jotzen, eta 01:00 aldera joan ginen haiengana. Lehen bi urtetan egin genuen hori, baina egunkarian haiek antolatutako zerbait zela irakurri genuenean, erabaki genuen handik aurrera Trianguloa plazan hasiko ginela, eta guk egingo genuela txupinazoa», azaldu du Arrizibitak. Hortaz, txaranga sortu eta bost edo sei urtera hasi ziren Trianguloako txupinazo alternatiboarekin. Joxe Ramon Zabala perkusio-jotzaileak bikain gogoratzen du bere lehen aldia: «Garbitzaileak eta gu bakarrik geunden kalean».

 

Gaur egun ere Batasunan afaltzen dute. «Gazte berriak eta garai bateko gazteak elkartzen gara». Kuadrilla giroko txaranga da Vista Alegre, eta musikari kopururako ez dute mugarik jarri nahi. «Atea zabalik dago nahi duenarentzat, bai sartzeko, baita ateratzeko ere», esan du barre artean Atorrasagastik. Azken urteetan musikari kopurua antzekoa izaten ari da; 40 inguru elkartzen dira.

Afaldu ondoren, 23:30 aldera, zenbait abesti jotzen dituzte elkartean, tartean, Parrita pasodoblea, eta 23:45 aldera abiatzen dira Trianguloara. «Denboraz justu ibiltzen garenez, Korreo kalean barrena, suziriak eta traka prestatzen hasten gara —urte batetik bestera handiagoa izaten da leherketa—, eta eztandarekin batera lehertzen da festa», esan du Arrizibitak.

Tolosako inauteriei hasiera ez-ofiziala ematen die Vista Alegrek. Haren doinuekin hasten da Ostegun Gizena; zenbait herritarrentzat orduan hasten dira inauteriak. 00:00etan hasten dira, eta jendetza elkartzen da. «Jokin Erdozia zuzendariak urteko jauzi handiena ematen du une horretan, eta gertatu izan zaigu berak jauzi egin eta gutako inor jotzen ez hastea», aitortu du Atorrasagastik.

Behin Trianguloan hasita, irekita egoten diren tabernetara joaten dira. Lehen, Ostegun Gizen bezperan, tabernak itxi egiten zituzten, baina tabernariak bertan egoten ziren, lokala inauterietarako apaintzen. Orduan, haiengana joaten ziren, musikarekin, trago eske. «Badatoz satelite hauek», esaten omen zuten. «Urte batean 03:00ak edo 03:30ak arte egon ginen Plaza Berrian; Eguzki tabernakoek tragoak bata bestearen atzetik ateratzen zizkiguten», esan du Arrizibitak. Gaur egun, tabernariek lehendik galdetzen diete ea joateko asmorik duten, gauerdira arte zabalik mantendu behar duten ala ez jakiteko».

Geroz eta jendetsuagoa

Txarangako kideek nabarmendu dute ez dutela nahi ekitaldi «ofiziala» izatea. «Gure izaera bereko 50, 100 edo 200 tolosar zoro hurbiltzen zaizkigu, musikarekin lau jauzi egiten dituzte eta etxera joaten dira. Hasieratik, txantxa giroko burutazioa izan da, baina Luis Mari Gartzia udal musika bandako zuzendari ohiak esaten zuen Zaldunita eguneko Diana ere txantxa modura hasi zutela, eta begira zertan bihurtu den orain. Guk egun bat irabazi nahi genien inauteriei, besterik ez. Oraingoz, ordu batzuk gehitu dizkiegu», esan du Arrizibitak.

Javi Arrizibita: «Hasieratik, txantxa giroko burutazioa izan da; Diana ere hala hasi zuten, eta begira zer den orain»

Musikariek aitortu dute Trianguloara joaten direnean, ilusio eta gogo handia nabaritzen dutela herritarren artean. «Askok jai egiten dute Ostegun Gizenean, eta haientzat txaranga doinuekin gozatu eta etxera beranduago joateko aitzakia ederra da», esan du Atorrasagastik. Era berean, jabetu dira ikusle kopuruak nabarmen egin duela gora, batez ere azken hamarkadan. «Akaso, izaera serioegia hartu du ekitaldiak. Lehen, hala ere, Tolosan ez zen lan handia egin behar inauterietarako gogoz zeuden bi kuadrilla elkartzeko. Gerora, ahoz ahokoak eragin handia izan du, eta pixkana herritarren artean zabaltzen joan da», gaineratu du Arrizibitak.

 

Alvaro Atorrasagasti: «13-14 urteko haurrak Beti-Alai jatetxearen atarian zain egoten ziren instrumentuekin, gurekin ateratzeko»

Lehen, Ostegun Gizen gauerdian eta Ostiral Mehe gauean ateratzen ziren. «Egun horretan, Arpegi taldearen emanaldia bakarrik antolatzen zen Tolosan», esan du Atorrasagastik. «Gu Beti-Alai jatetxean elkartzen ginen afaltzeko, eta gero kalera ateratzen ginen instrumentuekin. Urte haietan ez zen ezer egoten kalean. Beranduago, txaranga bat kontratatzen hasi zen udala, eta guk jotzeari utzi genion. Hori bai, afaltzeko elkartzen gara oraindik», azaldu du Arrizibitak. «13-14 urteko haurrak jatetxearen atarian zain egoten ziren, instrumentuak hartuta, gurekin jotzeko», gaineratu du Atorrasagastik.

Transmisioa, familiatik hasita

Ikusle kopurua gorantz doa, eta txarangan, urtetik urtera, musikari gehiago dira. «Ostiral Mehean atera ginen azken urteetan, lau katu izaten ginen. Orain, kalitate eta soinu ona daukagu. Txarangan badira musikariak instrumentua egun horretan bakarrik ateratzen dutenak», azaldu du Atorrasagastik. Eta txarangako musikarietako batzuk, kide beteranoenen seme-alabak dira. «Polita eta motibagarria da gurekin batera parte hartzea. Laster, afaria prestatuko diegu, eta gu gabe aterako dira kalejiran», esan du Arrizibitak.

Txarangako kide beteranoek ez daukate zalantzarik gazteek Ostegun Gizen bezperako parrandaren ohitura mantenduko dutela. «Transmisioan lan egin beharko dugu», adierazi du Arrizibitak. Atorrasagastik, ordea, nabarmendu du «sasoiko» ikusten dituela beteranoak. «Oraindik urte batzuetan jarraituko dugu. Ostiral Meheko hitzordua mantentzea zailagoa izango da».

Blusak eta pegatinak

Blusa morea janzten dute musikariek. 90eko hamarkadako lehen urteetan Arrizibita Babes tabernara joaten zen, blusak egiteko eskatzera. 1992an, dozena bat blusa eman zizkien Martin Altzueta jabeak, tabernaren izenarekin. Ostiral Mehean, Beti-Alaira afaltzera joandakoan, eta Izaskun Lopetegi jabeari, Babesekoek egindakoa kontatu ziotenean, hark beste dozena bat egingo zituela esan zien. Hitza bete zuen, eta orain, musikari batzuek Beti-Alai jatetxearen izena daramate euren blusetan. Lehen, blusaz gain, galtza zuriak eta txapela beltza ere janzten zituzten. «Urte batean, botila bat ur bota zuten etxe batetik, eta beste batean, patata bat. Handik aurrera, kasko hori bana janzten genuen».

 

1993an, pegatinak kopuru handitan egiten zituzten enpresa batean lan egiten zuela aprobetxatuta, txarangaren logoa lantokira eraman, eta milaka pegatina egin zituen Arrizibitak. «Edonon itsasten genituen, eta ezinezkoa zen kentzea; oso kalitate onekoak ziren. Oraindik taberna batzuetan ikusi daitezke batzuk», gogoratu du Atorrasagastik.

Anekdota gehiago ere gogoratzen dituzte, besteak beste Donostiako Gros auzora jotzera joan ziren batean, egun hartan tronpeta-jotzaile bakarra zen Manu Leunda ahokorik gabe joan zenekoa edo Zizurkilgo haur danborrada batera bonbo-jotzailea falta zutela-eta, erritmoa markatzera arritmikoa zen lagun bat eraman zutenekoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!