Gipuzkoako Foru Aldundiak inauterietan zezen-festak eta sokamuturrak egin ahalko direla berretsi du

Ataria 2026ko otsailaren 3a

Tolosako inauterietako sokamuturraren artxiboko irudia.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak esan du Aldundiak «salbuespena baimentzeko aukera» izango duela.

Dermatosi nodular kutsakorraren aurkako prebentziozko neurri gisa, animaliekin lotura duen ekitaldi oro debekatu zuen Eusko Jaurlaritzak, otsailaren amaierara arte. Bada, abereen txertaketa abiatu eta gero, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi zuen baimen bereziak emateko aukera, eta Aldundiak baimena ematea erabaki du. Xabi Arruti diputatuak esan du Tolosa eta Azpeitia bezalako herrietan sokamuturra eta zezen-festak egin ahal izango direla «osasuna eta segurtasun neurriak bermatuta, eta tradizioa, osasuna eta ardura eskutik».

 

«Urtarrilaren 9an hasi zen kanpaina prebentiboa, eta ordutik hona 23.889 abelgorri txertatu dira Gipuzkoan dermatosi nodularraren aurka, % 54. Gure herriko tradizio eta kulturari diogun errespetuagatik sokamuturra eta zezen-festak egin ahal izateko ahaleginean aritu gara buru-belarri, horregatik Aldundiko albaitariek lehentasuna eman zioten abelgorri hauek txertatzeari ahalik eta azkarren berrogeialdia pasa eta inauterietan parte hartzeko modua izan zezaten», gehitu du. Horiek horrela, eta «ikusita Frantzian eta Katalunian intzidentzia gutxitu egin dela, eta Gipuzkoan txertaketa lanak oso aurreratuta daudela», Gipuzkoako Foru Aldundiak salbuespena baimentzeko aukera izango duela esan du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!