Hamar egun besterik ez dira geratzen Ostegun Gizenerako. 240 ordu baino gutxiago, suziria lehertu eta 2026ko Tolosako inauteriak hasteko. Herria festa girorako prestatzen ari da, tolosarrak gogotsu daude, eta udalak eta eragileek gaur aurkeztu dute aurtengo festen egitaraua.
Inauteriak ofizialki hurrengo ostegunean hasiko badira ere, asteburuan izango dira inauteriekin lotutako lehen ekitaldiak. Larunbatean, Aiz-Orratz elkarteak antolatzen duen Haur Jaialdia eta Urdiña Txiki elkarteak antolatzen duen kaldereroen kalejira egingo dituzte. Igandean, berriz, Tolosako Udal Txistulari Bandak eta Udal Musika Bandak Pregoi Kontzertua egingo dute Berdura plazan.
Zezen-festak, bai
Azken asteetan, zenbait buruhauste eta zalantza eragin dituen gaia izan da inauterietako zezenen ekitaldien ospakizuna. Dermatosi nodular kutsakorraren aurkako prebentziozko neurri gisa, animaliekin lotura duen ekitaldi oro debekatu zuen Eusko Jaurlaritzak, otsailaren amaierara arte. Bada, abereen txertaketa abiatu eta gero, Aldundien esku utzi zuen baimen bereziak emateko aukera. Hala, joan den ostiralean, eta baldintzak betetzen direla ikusita, ahozko baimena eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak udalari. Azken orduko ezusterik ezean, zezenak eta sokamuturra izango dira inauterietan. Aitzol Gartzia jaietako zinegotziak udal teknikariak eskertu ditu, egin duten lanagatik.
Baimen horrekin, ohiko prozedura jarraitzen ari da udala: albaitariek azterketak egingo dituzte orain, eta abereak ondo daudela ziurtatu ondoren, behin betiko baimena jasoko du. Ostegunean jarriko dira salgai sarrerak, 16:00etatik aurrera BIBE plataforman, eta udalak laster emango du horiek eskuratzeko xehetasunen berri. Zezen-plazara txarangekin batera sartzeko gonbidapenen zozketa ere egin du udalak, eta datozen egunotan jakinaraziko dizkie emaitzak parte-hartzaileei.
Isabelita Gunea
Haur eta gaztetxoei begirako programazioa sustatzeko, eta zezen-festek irauten duten bitartean bestelako ekitaldiez gozatzeko helburuarekin, Isabelita Gunea jarri zuten iaz Alondegi plazan. Aurten ere jarriko dute gunea, leku berean. Egunero izango da ekitaldiren bat, hala nola, inauterien inguruko tailer bat, musika emanaldiak edo pailazoen saioak. Ezer programatuta ez dagoen tarteetan ere, inauterizaleek espazioa erabili ahal izango dute, gauean izan ezik.
Ostegun Gizenean, esaterako, Pirritx eta Porrotx pailazoek Sudur gorrien kalejira egingo dute txarangen igoeraren ondoren, zezen plazatik Isabelita Guneraino. Alondegi plazan, inauteri giroko dantzaldi berezia egingo dute adin guztietako herritarrentzat; Porrotxek aurreratu du «edonork dantzatzeko moduko piezak» izango direla.
Isabelita Gunetik kanpo ere izango da eskaintza; batik bat, Zaldunita egunean. Zezenek iraun bitartean, Alex Padillak eta Oizeder Mayok arrakasta handia izaten ari den San Bingo Musikala egingo du Emeterio Arrese kalean. Gauean, berriz, Janus Lesterrek kontzertua emango du Euskal Herria plazan.
Zaldunitan, txarangak Nafarroa etorbidetik
Zaldunita egunean izango da aurtengo inauterietako berrikuntza handienetako bat. Zezen-festaren ondorengo kalejiran, txarangak Nafarroa etorbidetik joango dira. Halaxe egitea adostu dute udalarekin, azken urteetan San Frantzisko pasealekuan sortu izan diren arazoak ekiditeko. Gartziak azaldu du erabakiaren zergatia: «Jendetza biltzen da San Frantzisko pasealekuan; inauterizale ugari etortzen da kanpotik, eta bertan dauden karrozen inguruan pilatzen da. Karrozak ezin dira handik mugitu, txarangek ezin zuten haien ibilbidea behar bezala egin, eta dantzaldietara ere ez ziren garaiz iristen. Hori horrela, proba gisa egingo da aldaketa». Igandean bakarrik egingo da hori. Gainerako egunetan, txarangak San Frantzisko pasealekutik jaitsiko dira.
Hori horrela egin ahal izateko, gaztetxoen plataformak lekuz aldatuko dituzte aurten. Nafarroa etorbidean beharrean, Rondilla kalean egongo dira, bertan izango diren karrozen segidan. Aurten, gainera, bolumena mugatzeko sistema jarriko die udalak.
Txarangen aplikazioa
Txarangei dagokienez, beste nobedade bat izango da. Tolosako hiru inauterizalek, festari ekarpena egiteko helburuarekin, txarangen kokalekua azaltzen duen aplikazioa sortu dute. Inauterietan parte hartzen duten eguneko eta gaueko txarangak uneoro non dauden azaltzen du, eta Google Play plataforman jarri dute eskuragarri, doan.
Errespeturako deia
Festa bermatzeko, zerbitzuak «ezinbesteko» direla esan du Andu Martinez de Rituerto alkateak. Urtero moduan, zerbitzuak indartuko dituzte jaiei begira. Hala ere, elkarbizitzarako eta errespeturako deia egin du udalak.
- Edukiontziak: Zaborren bilketarako edukiontzi kopurua biderkatu egiten du udalak inauteri egunetan. Iaz, edukiontzi gehiago jarri zituen tabernen inguruetan, eta aurten, gauza bera egingo du. Kaleko janari postuen inguruan ere jarriko dituzte, eta karrozei ere banatuko dizkiete. Horrez gain, Zaldunita gauetik Astelenita goizerako garbiketa-zerbitzua ordubete aurreratuko dute. Alkateak kale-garbitzaileen lana goraipatu du. «Lan izugarria egiten dute egunero, zer esanik ez inauterietan; jaien funtsezko osagai dira. Edukiontziak erabiltzea eta langileekiko begirunea izatea eskatzen diegu herritarrei».
- Komunak: Aurten ere, festa guneetan komunen zerbitzua indartuko du udalak. Beste behin, horiek erabiltzeko eta kale, etxe atari eta saltokiak errespetatzeko deia egin du alkateak.
- Puntu Morea: Hiru egunetan emango du zerbitzua, Ostegun Gizenean, Zaldunitan eta Astelenitan. Bi gune izango dira, baina iazkoarekin alderatuta, ordutegia aldatuko dute, arratsaldez ere emango baitu zerbitzua. 19:30etik 01:30era, Trianguloa plazan informaziorako puntua izango da; 23:30etik 03:00etara, berriz, Andragoran arreta gunea izango da. Ostalaritza establezimenduekin ere landu dute gaia aurten, gune seguruak izan daitezen, eta taberna gehiago atxiki dira erasoen aurkako protokolora. Hori horrela, eraso matxista, homofobo eta xenofoborik gabeko jaiak aldarrikatu ditu udalak.
- Udaltzaingoa: Egunero indartuko du zerbitzua eta zaintza-lana. 24 orduko arreta-zerbitzua emango du, eta larrialdi kasuetan, 943 675 858 telefonora deitu beharko da. Ertzaintzarekin koordinatuta lan egingo du Udaltzaingoak; duela pare bat aste aurkeztu zion Ertzaintzari betebeharrak eta lan prozedura definitzen dituen inauterietarako Segurtasun Plana. Hala, errespetuzko eta zentzuzko jaiak aldarrikatu ditu alkateak: «Ez dugu inolako istilu edo erasorik nahi. Ondo pasatzea eta festaz gozatzea besterik ez dugu egin nahi, inork hori oztopatu behar izan gabe».
- Kontsumo arduratsua: Urtero moduan, sentsibilizazio-kanpaina egin du udalak ikastetxeetako nerabeekin, eta jai egunetan, Ailaket elkarteko teknikariek esku-hartzeak egingo dituzte kalean gazteekin.
Aurkezpenaren amaieran, elkarbizitzarako mezua igorri du alkateak: «Gutariko bakoitzak, bere erara egiten du inauteria. Horrek, ezinbestean garamatza gainerakoak errespetatu behar izatera, elkar ulertzera eta espazioak elkarbanatzera. Den-denek topera gozatzea, horixe da Tolosako Udala osatzen dugun guztion nahia».
Inauterietako zenbait zenbaki:
- Aurrekontua. 345.893 eurokoa izango da. Gastu handienak: Txarangak 92.000 euro; hornidura eta zerbitzuak 69.589 euro eta karrozak eta konpartsak 48.500 euro.
- Karrozak eta plataformak. Aurten, 14 karrozak parte hartuko dute inauterietan, iaz baino hiru gutxiago. Gaztetxoen plataformak, berriz, zortzi izango dira.
- Txarangak. 20 txaranga baino gehiagok parte hartuko du inauterietan; egitarauan dago bakoitzaren ordutegia. Txaranga batzuen kokalekua jakiteko, Txaranga aplikazioa sortu dute hiru inauterizalek.