Hiru hamarkada baino gehiago daramatza edertasunaren arloan lanean Ana Soto (Tolosa, 1966) makillatzaile eta irudi-aholkulariak. Izen bereko estetika zentroaren arduraduna da, eta lanbidearen nondik norakoak kontatu ditu. Horrez gain, inauterien testuinguruan, makillatzeko garaian egiten diren akatsik ohikoenak aipatu eta kontuan hartzeko zenbait aholku ere azaldu ditu.
Zein da zehazki makillatzaile profesional baten egitekoa?
Funtsean, pertsonari ahalik eta etekinik handiena ateratzea, haren ezaugarri guztiak nabarmentzea. Askotan, pertsonak horrek berak ez du jakiten ezaugarri horiek ezkutuan zeudela edo ez zitzaiela etekinik onena ateratzen.
Makillatzaile baten lana, esan dudan bezala, edertasuna nabarmentzea da, aurpegiaren esentzia ezkutatu gabe. Hori lortzeko pertsona bakoitzaren aurpegia aztertzen da, eta hor kontuan hartzen dira kolorimetria, larruazal mota... Eta baita arloko azken joerak ere. Hori guztia aplikatzen dugu une bakoitzean, eta bezero bakoitzera egokituta.
Lanaren amaierako emaitza pertsona seguru bat da, bere irudiarekin gustura dagoena.
Zein motatako lanak egin ohi dituzu?
Makillaje profesionalak izan ohi dira. Jendea lagundu egiten dugu zenbait une garrantzitsutan, besteak beste, ezkontzetan, ekitaldietan, argazki-saioetan eta, oro har, irudi-lanetan. Pertsona bakoitzari egokitzen natzaio, ez baita gauza bera makillaje bat prestatzea ekitaldi handi baterako edo kamera baten aurrean egoteko edo egunerokotasunerako.
Nola irudikatu beharko genuke lanegun bat?
Lanegun bat pintzelak hartu baino askoz lehenago hasten da; askoz lehenago. Guztia prestatu, antolatu, eta adi egon behar duzu xehetasun guztietara; ezberdina da hitzordu bakoitza, eta une zehatzera egokitu behar duzu beti.
Lanaldiak bere denbora behar izaten du; azkenean, pertsonarekin duzun lotura eta sormena landu behar dituzu. Jarduna amaitzen denean, askotan, oso asebeteta sentitzen zara, pertsona makillatuta ez ezik, seguruago ere sentitzen baita.
Nolako prestakuntza behar da makillatzaile izateko?
Nire kasuan, ez da izan akademikoa bakarrik, batez ere, pertsonala izan da... Oinarri sendo bat izateko formakuntza handia biltzen saiatu naiz.
Gustuko duzun horrekiko pasioa da prestatzen jarraitzera bultzatzen zaituena. Formakuntza horrez gain, nigan konfiantza izan duen pertsona bakoitzarekin lortutako esperientziak ere prestatu nau; eta horrekin batera etengabe saiatzen naiz adi egoten eta perfekzionatzen.
Prestatzeari ez zaio inoiz utzi behar. Makillajea lanbide bizia da, etengabe aldatzen ari da, eta horrek eragiten du profesional gisa garatzea, egiten dudanarekiko pasioa haztea eta konpromisoa sendotzea.
Zein garrantzia du makillaje profesionalak desfileetan, ekitaldietan...?
Funtsezko garrantzia du, eta ez bakarrik sortu beharreko look-ari dagokionez; orokorrean makillajea daraman pertsonaren estiloa eta haren isla transmititu behar ditu. Azken finean, xehetasun bakoitzak du balioa.
Desfileetan, adibidez, diseinatzailearen proposamena nabarmentzen laguntzen du, transmititu nahi duen irudia indartzen du. Ekitaldien kasuan, konfiantza sortzen du. Pertsona bat ondo sentitzen denean, askoz seguruago mugitzen eta adierazten da. Ikusi izan dut makillajeak pertsona bat eraldatu egiten duela; eta ez itxuraz bakarrik, baita jarreraz ere. Eta hori desfileen kasuan ere ikusten da: modeloak askoz ere segurtasun eta indar handiagoarekin egiten du aurrera.
Une horietan makillajea arte bihurtzen da, denbora errealean bizitzen den artea.
Zenbat lan dago azken emaitzaren atzean?
Ispiluan edo kameran ikusten dena baino askoz gehiago dago. Ordu asko pasatzen ditugu moda edo azken joerak ikertzen, kolore-probak egiten, produktuak hautatzen eta xehetasun guztiak planifikatzen. Eta gehitu horri bakoitzaren aurpegia eta azala ere aztertzea. Azken emaitza aurreko lanaren eta bilatzen genuen arrakastaren araberakoa da.
Zenbat du makillajeak sormenetik, eta zenbat teknikatik?
Bada, nire ustez, profesionalaren araberakoa da hori; ehuneko hori profesionalaren pasioaren araberakoa da. Nire ustez oreka egon behar du sormenaren eta teknikaren artean.
Zeintzuk dira lanbidearen alderdirik zailenak?
Alderdi zailenetako bat da makillajearekin ez ezik, pertsonen emozioekin eta itxaropenekin ere egiten duzula lan.
Bezero bakoitza oso desberdina da, eta, batzuetan, konfiantzarik gabe iristen dira; beraz, oso garrantzitsua da entzuten eta komunikatzen jakitea, eta, horrela, segurtasuna sentiaraztea. Beste erronka bat da etengabeko eguneratzea ere, teknikak eta produktuak etengabe aldatzen ari baitira.
Horrez gain, lanbideak zutikako lanaldi luzeak eta ordutegi irregularrak eskatzen ditu, batez ere ekitaldietan.
Hala eta guztiz ere, saria oso atsegina da lana arrakastatsua izan dela ikusten duzunean.
Eta zer da gehien gustatzen zaizuna?
Gehien gustatzen zaidana alderdi sortzailea da. Batzuetan lotura sendoa sortzen da pertsonaren eta zure artean, eta, hortik aurrera, une edo egun berezi horren parte zarenean... Dena berezi bihurtzen da. Pertsonaren kanpoaldea ez ezik, nolabait, barnekoa ere eraldatzen duzunean.
«Dena berezi bihurtzen da [...] kanpoaldea ez ezik, barnekoa ere eraldatzen duzunean»
Makillatzeko ohitura handirik ez duen jende asko makillatzen da inauterietan. Zein dira akats ohikoenak?
Akatsik ohikoenetako bat da azala ez prestatzea makillatzen hasi baino lehen, hau da, makillajea zuzenean ematea azala aldez aurretik garbitu eta hidratatu gabe. Hori eginez gero, makillajeak ez du asko irauten, pitzatu edo arrakalatu egiten da, eta ihartu edo kartoi itxura ere har lezake.
Ohiko beste akats bat da makillaje-produktu zalantzagarriak edo kalitate txarrekoak erabiltzea. Eta beste akats arrunt bat da produktuak gehiegi erabiltzea, esan nahi dut, kantitate handiegian.
Akats horiek dira ohikoenak makillatzerakoan; baina makillatu ondoren ere badira. Esate baterako, ohiko akatsa izaten da makillajea behar bezala ez kentzea egunaren amaieran. Horrek eragiten duena da, besteak beste, azala sentikorragoa bihurtzea, errazago narritatzea, eta, batzuetan, baita aurretik existitzen ez ziren alergiak agertzea ere.
Zertan bereizten dira inauterietako eta eguneroko makillaje produktuak?
Eguneroko makillajea arinagoa eta naturalagoa izaten da, hain zuzen, egunero erabiltzeko egoten baita pentsatuta. Testura erosoagoak izaten dira, eta azalak arnasa hartzea ahalbidetzen dute. Kontrara, inauterietan erabiltzen den makillajea, normalean, gehiago irauteko egoten da diseinatuta. Produktu lodiagoa izaten da, kolore biziagoekin, distirekin eta abar.
Dena den, inauterietan ere kalitate oneko produktuak aukeratu behar ditugu. Eta hori oso garrantzitsua da epe luzera azalean narritadurarik edo asaldurarik sor ez dadin.
INAUTERIETAN MAKILLATZEKO OINARRIZKO AHOLKUAK
- Prestatu azala: makillatzen hasi aurretik garbitu eta hidratatu azala. Hori lagungarria da makillajeak gehiago irauteko eta itxura hobea izateko.
- Produktu egokiak erabili: azalarentzat egokiak ez diren pinturak eta makillajeak saihestu.
- Gutxiago gehiago da: ez da beharrezkoa produktu kantitate handiak aplikatzea. Kantitate egokiarekin emaitza politagoa eta iraunkorragoa izango da.
- Makillajea finkatzea: erabili hauts zeharrargiak edo finkatzailea. Horrela, izerdiarekin edo beroarekin hondatzea saihestuko da.
- Makillajea kentzea: kendu makillaje guztia produktu egokiekin eta azala sakon garbitu.

