42,195 kilometro ditu maratoi batek. Tolosako Berazubi estadioari 105 itzuli eta erdi eman behar zaizkio distantzia hori osatzeko. Ez da erronka makala lasterketa zaleentzat. Bada, inauteriak igaro eta gero, otsailaren 21ean, bi aldiz egingo du erronka hori Berazubin bertan Ixilpen taldeko Iñaki Jimenez korrikalari tolosarrak; gainera, maratoi bakoitza 2 ordu eta 45 minutuan egin nahi du. Nahi duen orok lagundu dezake Jimenez, nahi adina itzuli emanda. Egun berean, taldearen elastiko berriak aurkeztuko dituzte.
Zer dela egingo dituzu bi maratoi, egun berean eta Berazubin?
Beti gustatu izan zaizkit erronkak, are gehiago distantzia luzekoak badira. Ixilpen taldea federatu dela-eta, lehiaketetarako elastiko berriak aurkezteko aitzakia bat behar genuen, eta erronka hau egitea proposatu zidaten taldekideek. Haiek, erronkan zehar lagunduko nindutela esan zidaten. Taldean 80 korrikalari garenez, hasierako ideia 80 kilometro egitea zen, baina azkenean, bi zatitan eta erritmo biziagoan egitea erabaki genuen. Ondorioz, bi maratoi egiteko aukera suertatu zen. Goizean egingo dut lehenengoa, eta arratsaldean bigarrena. Gainera, maratoi bakoitza 2 ordu eta 45 minutuan egin nahi dut –batez beste, 3 minutu eta 50 segundo kilometroko–.
Maratoi bat egitea oso erronka handia da, egun berean bi egitea zer esanik ez, eta gainera, oso erritmo bizian egitea, ikaragarria da.
Erronka egitea erabaki aurretik, pentsatzen aritu nintzen ea zenbaterainoko gaitasuna izango nuen. Erronka bat dela kontuan izanik, helburuak zailtasun-maila handia eduki behar du, eta uste dut nire mugen barruan kokatzen dela. Kontuan izan ez dela bi maratoi egun bakarrean egitea, baizik eta hamabi orduren buruan. Maratoi bat egiteak eragin handia izan ohi du korrikalarion giharretan, eta ez da erraza izango beste bat denbora berean egitea.
Berazubiko erronkaren kasuan, edonork joan ahalko du zurekin batera korri egitera. Horrek zenbat lagunduko dizu?
Batez ere horregatik sortu genuen erronka. Taldean egiteko erronka da, ez nirea bakarrik. Lasterketa zaleak Berazubira joatea eta erronkan parte hartzea nahi dugu. Bakoitzak egin dezala nahi duen metro edo kilometro kopurua. Erritmoa nahiko bizia da, baina denen artean lagunduz gero, helburua lortuko dugu.
Prestakuntza bereziren bat egiten ari zara?
Iaz, distantzia luzeko lasterketetan parte hartu nuen, eta aurten begiz jota dut martxoaren 21ean Malagan egingo den 100 kilometroko Espainiako Txapelketa. Kilometro gutxiko zirkuitu bati itzuliak ematen arituko gara. Berazubiko erronka oso lagungarria izango da lasterketa hori prestatzeko. Ixilpenen badira maratoiak egiten dituzten korrikalariak, eta horiek prestatzen aritzen dira urtean zehar; nik ere parte hartzen dut saio horietan. Bestelako entrenamenduak ere egiten ditut, distantzia gehiagokoak.
Azken urteotan erronka gehiago egin dituzu, ezta?
Bai. Esaterako, zenbait urtetan Bartzelonako lasterketa batean 24 orduz aritu izan naiz pista bati itzuliak ematen. Oraindik ez dut lortu lasterketa hori nahi bezala burutzea. 12 ordutako lasterketetan ere parte hartu izan dut, eta emaitza onak lortu izan ditut. Erronka pertsonal gehiago ere egin izan ditut. Duela hilabete batzuk, Tolosatik Errioxara joan nintzen korrika.