Ixilpen taldea aurkeztu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko urtarrilaren 31

Kuadrilla giroan sortutako taldea amateur mailara heldu da, eta 2026tik aurrera 'running' modalitatean lehiatuko da; Orbinox enpresa izango da babesle nagusia, eta dagoeneko 85 bazkide dituzte.

Pandemia garaian sortu zuten Ixilpen taldea, lagun arteko apustu batek eraginda. Lehenik, bizikletan ibilaldiak egiteko baliatzen zuten, baina urteotan running edo diziplinara egin du urratsa, eta aurten, korrikaldi edo lasterketetako talde federatua izango da, taldeko kideen eskaera bati erantzun ondoren. Kuadrillan sortutako multzoa, beraz, talde amateurra bilakatu da, eta gaur aurkezpen ofiziala egin du. Berazubi estadioan elkartu dira taldekideak, eta arropa berriak soinean jantzita argazkia egin dute.

Edonork eman dezake izena Ixilpen taldean, baina bazkide modura egin beharko du, hau da, urtean kuota bat ordainduta. Jone Galan taldeko kideak esan du dagoeneko 85 bazkide dituela taldeak. «Oso pozik gaude, ez genuelako espero kopuru horretara iristea. Bazkideek taldeko materiala jasoko dute, eta zenbait abantaila izango dituzte, esaterako, beherapenak herriko dendetan», nabarmendu du Galanek. Xabier Artieda Ixilpeneko kideak gaineratu du federatzeko aukera ere emango duela aurten Ixilpenek: «Pixkana, urrats gehiago eman nahi ditugu, partaide kopurua handitu eta atletismo munduan sartu», adierazi du Artiedak.

Orbinox, babesle

Artiedak esan du Tolosaldeko enpresa indartsu baten bila aritu direla, taldea babesteko. Azkenean, Orbinox enpresarekin egin dute topo. «Bi aldeek balio berdinak transmititzen ditugu», nabarmendu du. Pedro Urdapilleta enpresako kidea da, eta aitortu du «oso gustura» daudela. «Ez da babesten dugun Tolosaldeko talde bakarra. Proposamena luzatu zigutenean, oso egokia iruditu zitzaigun, eta ados jarri ginen».

Urdapilletak aurreratu du babesletzaren helburu nagusiena enpresaren izena ahalik eta gehien zabaltzea izango dela. «Gure enpresa garrantzitsua da eskualdean, eta helburuetako bat da gizarteari laguntza ematea; tartean, kirola babesten dugu».

Bi maratoi egun berean, Berazubin

Urtean zehar, inguruko lasterketetan ikusiko ditugu taldeko korrikalariak. Hala ere, taldea bera lasterketa bat antolatzen hasi da Tolosako Udalarekin elkarlanean. Oraindik datarik ezarri ez badute ere, maiatzean egitea aurreikusten dute. Eta bi lasterketa antolatzen ari dira: bost eta hamar kilometroko bana. «Korrikarako zaletasuna duten guztientzako moduko lasterketa bat egin nahi dugu, running-aren festa moduko bat», esan du Galanek. Oraindik, ordea, ez dute ezer erabaki.

Aurrez, Iñaki Jimenez Ixilpeneko kideak erronka erraldoi bat egingo du otsailaren 21ean, larunbata, Berazubi estadioan. Bi maratoi egingo ditu egun berean. Baina ez hori bakarrik. Izan ere, 2 ordu eta 45 minutuko denboraren azpitik egin nahi ditu, hau da, kilometroko batez beste 3 minutu eta 50 segundo. Nahi duen orok Jimenezekin batera parte hartzeko aukera izango du: itzuli bat, kilometro bat, bost itzuli... Egun horretan, gainera, hitzarmena dela-eta egin duten taldearen elastiko berria aurkeztuko dute.

Iñaki Jimenez Ixilpeneko korrikalariak bi maratoi egingo ditu otsailaren 21ean Berazubin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!